Zazpi edo zortzi ibilgailurentzako aparkalekuak egin dituzte Gatzagan, eta 48.000 euro inguruko aurrekontua izan dute lan horiek. Leintz Gatzagako alkate Dorleta Elkorobarrutiak jakinarazi duenez, Udal Gobernuaren helburu nagusia izan da "herritik nahiko gertu dagoen toki bat aprobetxatuta, ahalik eta inbertsio txikiena eginda, eta ingurumenari kalterik eragin gabe, aparkaleku batzuk sortzea". Gainera, aparkaleku horiek sortu arren, mantendu egin gura izan dute oinezkoei bideratutako bidea, eta hobetu ere egin dute, gainera. "Errepideari itsatsita dauden aparkalekuen ondoan hesi batzuk jarri ditugu. Hesiak jarri arren, espaloiaren zabalera mantendu ez ezik, handitu ere egin dugu. Gure helburua beti izan da Gatz Museoraino doan espaloia errespetatzea jendeak joan-etorria oinez egiteko aukera izan dezan", gaineratu du Elkorobarrutiak.
Datozen lanak
Alkateak adierazi duenez, azken ukituak falta zaizkio lanari; esaterako, "aparkalekuetara joateko zebra-bidea margotzea". Fase horren ostean, herri barruko aparkalekuak markatzeari ekingo diote, jakiteko non dagoen aparkatzeko aukera eta non ez. Alkateak jakinarazi du aurrera begirako helburua dela "herri barruan galtzada-harria dagoen tokietako aparkalekuak kentzea", baina, oraingoz, behintzat, galtzada-harrietako eta udaletxe inguruko aparkalekuen tokiak markatzean oinarrituko dituzte datozen hilabeteetako egitekoak.