Martxoak 8 (2026)

Sorginak Emakume Elkartekoen bazkaria, zapatuan, eskapulario eta guzti

Imanol Beloki Unamuno 2026ko martxoaren 5a

Iaz, Sorginak Emakume Elkartekoek, Gure Ametsan, M8ko bazakarian ateratako talde argazkia.

Martxoaren 8aren harira, zapatua izango dute ospakizun eguna Leintz Gatzagako Sorginak Emakume Elkarteko kideek. Izan ere, goizean elkartu eta iluntzera arteko plana egin dute. Goizean poteoa egingo dute, talde-argazkia atera eta ondoren bazkaltzera joango dira. Martxoaren 8an, berriz, bazkarian parte hartuko duten emakume gehienek Eskoriatzan egingo diren mobilizazioetan parte hartuko dute.

Rosa Urretak, Leintz Gatzagako Sorginak Emakume Elkarteko kideak, azaldu du zapatu goizean Leintz Gatzagan elkartuko direla, herrigunean zerbait hartu, zapi moreak banatu, talde-argazkia atera eta, aldi berean, eskapularioak ere banatuko dituztela elkartzen direnen artean, bazkaltzera joan aurretik. "Arrasaten Maritxu Kajoi egunean egiten den moduan, urtero ateratzen ditugu gure eskapulario propioak, eta aurten egindako berriak ere banatuko ditugu. Ondoren, Gure Ametsa jatetxera joango gara, urtero moduan, elkarrekin bazkaltzera, eta bertan 20 eta 25 lagun artean elkartuko gara. Bazkalostean, berriz, trikitilariak izango ditugu, giroa alaitzeko eta pixka bat dantzatzeko, eta espero dugu askorik ez garela luzatuko", azaldu du.

Erratzaren misterioa

Urte askoan erratz banaketa ere egin izan dute Martxoaren 8an elkartzen direnen artean. Zozketa bidez egin izan dute, sorpresaz norbaiti eman… eta beti, bertaratutako emakumeetako bati aitortza moduan ematen diote erratza. Aurten, ordea, oraindik ez dute erabaki banaketa egingo duten edo ez.

Domekan, Eskoriatzara

Martxoaren 8a domekan izango denez, "Eskoriatzan antolatutako ekintzetara batuko dira elkarteko kideak", adierazi du Urretak. Gaineratu du zapatuan batuko diren guztiak ez elkartu arren gehienak izango direla: "Eskoriatzarrekin elkartuko gara eta kalejiran parte hartuko dugu; ondoren, pote bat hartu eta etxera egingo dugu, eguna amaitzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak