Bihar, zapatua, ospatuko dituzte Aratusteak Leintz Gatzagan, eta, aurreko urteetan bezala, aurten ere, Aratusteak iritsi aurretik, Labidea dendan herritarrek zertaz mozorrotu botatzeko aukera izan dute. Aukeren artean hauek zeuden, besteak beste: GatzagaGym –izan ere, aurten herrian gimnasioa zabaldu dute eta horri keinu bat egin nahi zioten– eta inuitak.
Horiek dira adibidetako bi, baina Kultura zinegotzi Aiora Elkorobarrutiak adierazi du herritar bakoitza libre dela nahi duen mozorroa janzteko, eta garrantzitsuena dela "mozorrotu, kalera irten eta zapatuan elkarrekin ondo pasatzea". Beraz, irudimena martxan jarri eta mozorro dotoreenak kalera ateratzeko eguna izango da biharkoa Leintz Gatzagan.
Jolasak goizean
Aurreko urteetan moduan, aurten ere, Gurel guraso elkarteak antolatuta, haurrentzako eta gaztetxoentzako jolasak egingo dituzte goizean. 11:30etik 13:30era bitartean izango da hori.
Bazkarian hogei lagun inguru
Ohi bezala, bazkaria egingo dute, 14:30 inguruan, Toki Eder elkartean. Hogei lagun inguruk eman dute izena bazkaltzeko, iazko antzeko kopurua, eta, elkarrekin bapo jan ostean, musikarekin dantzan jartzeko asmoa dute herritarrek.
Aurten ez dute DJrik izango bazkalostea girotzeko, baina Elkorobarrutiak azaldu du eurek eramango dutela musika eta bertan dauden herritarrek ere aukera izango dutela momentuan nahi duten musika jartzeko eta horrekin dantzan egiteko.
Festa, plaza inguruan
Elkorobarrutia zinegotziak gaineratu du San Miguel plaza inguruan izango dela festa giroa bihar; Labidea, Toki Eder elkartea eta, eguraldi txarra egiten badu, herriko frontoia izango direla herritarren topaleku. Esan du, gainera, askok dutela kuadrilla Aretxabaletan, eta, han Aratusteak domekan ospatuko direnez, batzuek indarrak ere gordetzen dituztela domekan hara joateko. Nahiz eta nabarmendu duen azken urtertan "geroz eta herritar gehiago" animatzen direla Leintz Gatzagan bertan ere mozorrotu eta kalera irtetera.
Aratusteak iragartzeko kartelean jarri duten moduan, "giro alaia, bazkaria eta festa ederra" egongo da bihar herrian.