Betidanik izan ditu presente Leintz Gatzagako arbasoak Sara de Salterainek (Montevideo, Uruguai, 1960). Duela bederatzi urte bisitatu zuen eta, orduz geroztik, ia urtero etorri da. Duela urte eta erditik, Leintz Gatzaga du bizitoki.
Nolakoa zen zure bizitza hona etorri aurretik?
Lau neba-arreba gara, eta haurtzaroko oso oroitzapen onak ditut. Ez ginen inoiz aspertzen. Ekonomia ikasketak egin nituen, eta geroago Psikologiakoak ere egin nituen. Ogasunean aritu naiz lanean 63 urte bete arte, eta duela urte eta erditik bizi naiz Leintz Gatzagan.
Nondik datorkizu Gatzagarekin duzun lotura?
Txikitatik nire aitak Salterain familiaz hitz egin dit, eta betidanik transmititu zidan Euskal Herriagatik sentitzen zuen maitasuna, eta hori belaunaldiz belaunaldi pasa da. Nire abizenetatik historia gehien ere Salteraini buruz dakit. Duela bederatzi urte etorri nintzen lehendabiziko aldiz Gatzagara bisitan. Ordutik ia urtero etorri naiz, pandemia garaian izan ezik. Ez neukan asmorik Uruguaitik edozein lekutara joateko. Helmuga Gatzaga izan ez balitz, han geratuko nintzen.
Zergatik erabaki duzu hona bizitzera etortzea?
Bizitzaren arrazoiengatik. Adin batera iristen zarenean beste gauza batzuk hartzen dituzu kontuan. Nire ongizateak iraungitze-data dauka, eta nire adinean errealista izan behar da. Nire proiektua da egunero ahalik eta ondoen bizitzea. Asko maite ditut Leintz Gatzaga eta Euskal Herria; nire aletxoa jarri nahi dut.
Hiri handi batetik herri txiki batera etorri zara.
Zortzi solairuko eraikin batean bizi nintzen, eta nire bizilagunak ez nituen ezagutzen. Agurtu egiten nituen soilik, bakoitzak bere bizitza zeukalako. Agian, kalean ezagun batekin egiten nuen topo. 1,8 milioi biztanleko hiria ezin da Leintz Gatzagarekin alderatu. Montevideon itsaso aurrean bizi nintzen, eta hori oso polita da, baina ez dauka zerikusirik. Oso laua da. Bizikletek ez dute abiadura-aldagailurik ere. Uste dut hemen ezingo nintzatekeela hiri batean bizi, estresatu egingo nintzatekeelako. Gatzagan itsasoa ez badaukat ere, mendia daukat, eta asko gustatzen zait mendian ibiltzea. Ia gatzagar guztiak ezagutzen ditudala uste dut.
"Oso pozik nago, ordutegirik ez dudalako; 63 urtera arte erlojuak markatu du nire bizimodua"
Erraz egokitu zara Gatzagara?
Esango nuke baietz. Nire bizitza orain ezberdina da. Oso pozik nago ordutegirik ez daukadalako. 4 urte nituenetik 63 urtera arte erlojuak markatu du nire bizimodua. Hemen bizitzea ere ezberdina da. Hiruzpalau egunetan kalean ikusten ez bazaituzte, bizilagunak kezkatu egiten dira. Montevideon, familia kezkatzen da. Gainera, antzeman dut herrigintzako gauza gehiago antolatzen direla, eta hori hiri handietan galdu egiten da.
Hemengo ekimenetan parte hartzen duzu?
Pentsatu... asteburuan Baionara joan naiz, euskararen aldeko mobilizazio batera, eta aste hasieran Iturengo Inauterietan egon naiz, Gatzagako lagunekin.
Zailtasunik izan duzu?
Orokorrean, ez. Kuadrillen kontua aipatu nahiko nuke. Ulertzen dut bakoitzak bere taldea izatea, kintadak... Zaila da dagoeneko sortuta dauden taldeetan sartzea. Baina tira... Uste dut hori berea ez den herrialde batera joaten den edozeini gertatzen zaiola. Hala ere, hemen oso gustura sentitzen naiz.
Nolakoak dira euskaldunak?
Esango nuke oso zuzenak direla. Gertatu zait jendeak esatea ez agurtzeko, ez zaiolako agurtzea gustatzen. Zuzenak esaten dudanean... agian, zenbat urte dituzun galdetzen dizute. Nik lehenago zer moduz dauden galdetzen diet, seme-alabarik duten... Ohitura daukagu edozein ordutan lagunengana eta familiarengana joateko. Tinbrea jo eta bazkaltzeko ordua bada, norberarekin bazkaltzen dute. Hemen protokolo gehiago dituzte. Esango nuke ez dutela jendea etxera eramaten. Horretan ezberdinak gara.
Itzultzeko asmorik baduzu?
Momentuz, ez. Badaukat familia han, baina bakoitzak bere bizimodua dauka. Nire seme-alabak ere helduak dira. Baiona aldera joateko asmoa ere badaukat, nire herenamonaren ondorengoak Irun-Baiona ingurukoak dira eta.
Euskara ikasteko nahia hasieratik
Duela bederatzi urte Euskal Herrira etorri, eta, senideek euskaraz hitz egiten zutela ikusita harritu egin zen, baina harrotasuna ere sentitu zuen. Horregatik, Uruguaira itzuli, eta euskara ikasten hasi zen: "Euskal Etxearekin harremanetan jarri nintzen. Lanetik atera eta ikastera joaten nintzen". Gainera, udako oporraldia aprobetxatzen zuen Euskal Herriko barnetegietan euskara ikasi eta Leintz Gatzaga bisitatzeko: "Euskaldunek asko baloratzen dute nik euskara ikasi izana. Esango nuke eskertu ere egiten dutela".
Aretxabaletan jasotzen ditu euskara eskolak, eta dagoeneko B2 mailan dago: "Baldintza ikastea zaila da. Ez zait memoriaz ikastea gustatzen, eta ez dakit nola egin". Gertutik ikusi du zenbaitek euskara derrigortasunez ikasten dutela; adibidez, oposizioetarako. Hala ere, ez da haren kasua: "Jendeak ez du ulertzen nik zergatik ikasten dudan euskara. Uste dute erretiratuta nagoelako bizitzaz gozatu behar dudala eta kitto".