Dortsal guztiak berehala agortu ziren inskripzio egunean, eta, ordutik lanean, egunotan zenbait bide konpontzen eta garbitzen aritu dira, eta baita herriko eragileekin bilerak egiten. "Herriko eragileekin eta boluntarioekin bilerak egiten jarraituko dugu, eta lanak banatzen hasi. Sektoreka banatu dugu zirkuitua, eta, sektore bakoitzak arduradun bat izanda, eremu horretan ariko diren boluntarioek azalpenak jasoko dituzte…", adierazi du Beñat Agirreurretak, Gatz Trail lasterketako antolakuntzako kideak.
Lasterketaren ostean, bazkaltzen gelditzeko aukera egongo da. Hain zuzen ere, korrikalariek zein euren lagunek eta familiek aukera izango dute Gatzagako frontoian bazkaltzeko. Horretarako, galdetegi bat bete beharko da –@gatzatrail Instagram-en– eta Bizum bidezko ordainketa egin izen-ematea baieztatzeko. Jatekoa paella izango da, postrearekin, edariarekin eta kafearekin, eta prezioa, berriz, hamazazpi eurokoa izango da.
Korrikalarien gida prestatzen
Proba eguna iristeko geratzen den arren, aurrez, lasterketako ordutegiak, aparkalekuaren kokapena, funtzionatzeko modua, dutxen sistema… hau da, korrikalarien gida posta elektronikoz banatuko dietela parte-hartzaile guziei azaldu dute antolatzaileek.