Proiektua nondik abiatu duen ere azaldu du Juan Luis Zabalak: "Duela bi urte pasatxo, Gatzagako bizilagun batzuek argazki zaharren katalogo bat utzi zidaten, haiekin zer egin nezakeen ikusteko. Pazientzia guztiarekin eta pixkanaka, horiek guztiak zaharberritzen joan naiz, banan-banan; puntu beltzak, zuriak, iletxoak, itxuragabekeriak... kenduta, PhotoScape programarekin (ez IA). Irregulartasun guztiak garbitu ondoren, handitu egiten zituen, etorkizunean inprimatu ahal izateko".
Ikus-entzunezkoa eta 18 argazki
Argazkiak Alberto Loiti, Eusebio Villar (hila) eta Dorleta Elkorobarrutiak utzitakoak direla ere adierazi du, eurei ere eskerrak emanez. "Erakusketa, berriz, 30 minutuko bideo bat izango da, herriko, kaleetako, iturriko, treneko, bizilagunetako, jaietako eta museoko argazkien errepasoa egiteko. Gainera, erakusketak 18 argazki izango ditu 30x45ean, eta 10 euroren truke egongo dira salgai. Gainera, nahi duenak hainbat formatutan eskatu ahal izango ditu argazki horiek, eta horretarako orri bat jarriko dugu jendearen eskura, handitze tamainaren arabera prezioa ikusteko eta eskatzeko".

Egun bakarreko erakusketa
Gaur, abenduak 23 batuko direla adierazi du Zabalak, erakusketa nola muntatzen duten ikusteko eta haren iraupenaz, argazki horien etorkizunaz... hitz egiteko. "Tamalez, erakusketa egun horretakoa –abenduak 30– bakarrik izango dela uste dut, ez baitaukagu hura zaintzeko langilerik, denbora gehiago behar izanez gero".