Urte amaiera izanda, datorren urtera begira berrikuntza batzuk eta aldaketa batzuk egin nahi ditugu, eta gai horiek herritarrekin partekatu nahi izan ditugu. Kontraste bat egin nahi izan dugu, eta informazioa eman sarri berba egin dugun gaien gainean. Horietako bat, adibidez, azkenaldian berbagai izan dugun gimnasioa da".
Kirola eta energia
"Gimnasio berriko obrak amaituta daude, eta sarrerako sistema jarri berri dute asteon. Erabilera-moduak eta arauak laster jakinaraziko dizkiegu herritarrei, eta izen-ematea irekiko dugu". Komunitate energetikoa ere izan zuten hizpide. "Kontsumoa murriztea garrantzitsua da, eta, bide horretan, Esnargi Eskoriatzako Energia Komunitateko kideak izango ditugu bidelagun", adierazi du Elkorobarrutiak. "Hitz egindakoa eta aztertutakoa herriari azaldu diogu. Ez dago oraindik erabakirik hartuta, baina pausoak ematen joango gara, lankidetzan".
Etxebizitza hutsak hizpide
Etxebizitzaren gaia ere aztergai izan zuten: "Gatzagan etxebizitza asko daude hutsik edo berritu beharrean, alokairurako egokitu gabe, eta azterketa dinamiko bat egin nahi dugu. Urtarrilean hasiko gara ikerketa parte-hartzaile honekin".