Gazte gara gazte

Garazi Ugarte: "Gatzagan ondo bizi izan arren, zaila da eguneroko bizitza osoa han egitea"

Julen Murua Mesonero 2025eko abenduaren 12a

Garazi Ugarte gatzagarra.

Bilbon bizi da gaur egun Garazi Ugarte Zubizarreta (Leintz Gatzaga, 2007), euskal eta ingeles filologiako gradu bikoitza ikasten ari baita han. Gustura bizi da hirian, eta herrira itzultzen denean mendira joatea du gustuko. Etxean dagoenean Eskoriatzara jaisteko ohitura du, kuadrillako lagunekin elkartzeko.

Euskal eta ingeles filologiak ikasten diharduzu; zer dela eta?

Txikitatik gustatu zaizkit hizkuntzak; ikastolan arlo horretako ikasgaiak pizten zuten nigan arreta handiena. Horren bueltako zerbait egitea pentsatu nuen, nahiz eta batxilergoan biologiaren arloa landu nuen. Oso gustura nago unibertsitatean, eta gelan ezagutu dudan jendea oso jatorra da.

Nola doa ikasturtea? Gradu bikoitza exijentea da?

Gradu bakarra ikastea baino exijenteagoa da, bi gradu ikasten ari naizelako aldi berean. Lehenengo lauhilekoa ez dabil oso ezberdina izaten, baina bost urtean bi gradu ikastea zaildu egingo da, ziur.

Bilbon bizi zara; herri txiki batekoa izanik, nola moldatu zara hiri handira?

Oso gustura bizi naiz Bilbon. Gatzagan bizita eta Eskoriatzara edo Aretxabaletara joateko beti autoan ibili behar izanda, alde handia igarri dut hemen; edozein tokitara joan naiteke garraio publikoa erabilita.

Aurretik ezagutzen ez zenituen pertsona batzuk dituzu pisukide; zer iruditzen zaizu bizikidetza?

Aretxabaletar batekin eta bi mutrikuarrekin batera bizi naiz. Aretxabaletakoak eta biok elkar ezagutzen genuen txikitatik, baina Mutrikukoak ez genituen ezagutzen. Egia esan, oso ondo gaude pisuan lauok batera. Hasieran ez genuen konfiantza askorik, normala den moduan, baina orain planak batera egiten ditugu eta oso ondo konpontzen gara. Bizikidetzari dagokionez, hasieran zailagoa zen, baina orain ezagutzen dugu bakoitzak nola egiten dituen gauzak; hortaz, hobeto ari gara.

Baserrian bizita, baserriko lanetan ibiltzen zara?

Ez, nire anaiak egiten ditu; kar- kar. Hari gustatzen zaio ganaduarekin ibiltzea eta baserriko lanak egitea; niri ez asko. Asko jota, egurra sartzen laguntzen dut, baina ez askotan.

Zer gustatzen zaizu egitea denbora librean?

Denbora librean gustatzen zait mendira joatea. Bilbon ez, baina asteburuetan, etxera itzulitakoan, mendira joaten naiz aitarekin edo txakurrarekin. Etxean sartuta aspertu egiten naiz, eta, hortaz, gustatzen zait kanpora irtetea haizea hartzera. Gatzagan eta baserrian bizita, gainera, oso gertu dugu mendialdea. Horrez gain, Eskoriatzara joaten naiz kuadrillakoekin egotera. Orain zailagoa da guztiok elkartzea, bakoitza toki ezberdin batean dabilelako ikasten. Edozelan ere, elkartzen garenean oso ondo egoten gara eta saiatzen gara astebururo gelditzen, nahiz eta guztiok ez garen herrira itzultzen asteburu guztietan.

Gatzagako gazteek herrian egiten duzue egunerokoa ala ondoko herrietara joan behar izaten duzue?

Esango nuke gehienok, behintzat, egunerokotasunean Gatzagatik kanpo egoten garela. Badaude herrian bizi diren pertsonak, baina, oro har, eguneroko bizitza egiteko Eskoriatzara edo Aretxabaletara jaitsi behar izaten dugu, eta jendea Gasteizera ere joaten da. Gatzaga oso txikia da, eta ondoko herrietara joan behar dugu, esaterako, eskolaz kanpoko edozein ekintza egiteko edo kirolen baten izena emanez gero. Ondo dago Gatzagan bizitzea, baina zaila da eguneroko bizitza guztia han egitea.

 

MOTZEAN

Janari gustukoena? Amonaren makarroiak.
Bidaiatzeko toki bat? Islandia.
Abesti bat? Rotten XIII-ren Noain.
Bailarako mendi bat? Udalatx.
Bilbo ala Donostia? Bilbo, beti.
Gatzagako toki bat? Pagoeder.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak