Herriko gai nagusiak tratatzeko herri batzarra egingo dute gaur, udaletxean

Imanol Beloki Unamuno 2025eko abenduaren 12a

Leintz Gatzaga herriaren ikuspegia, airez.

Udalak esku artean dituen erabakiak, proiektuak eta abar kolektiboki lantzeko batzarra 18:30ean izango da, gaur, udaletxean.

Leintz Gatzagako Udalak herri batzar baterako deialdia egin du, Leintz Gatzagako Hautesle Elkartea osatzen duten udal ordezkariek herritarrekin elkarbanatu nahi dituztelako esku artean dituzten gaiak. Hain zuzen ere, udalerriko gai nagusiei buruz jardun gura dute gatzagarrekin, zuzenean informazioa jaso, iritzia eman eta erabakiak partekatzeko aukera izan dezaten. Batzarra gaur bertan izango da, abenduak 12, 18:30ean, udaletxean.

Gai-zerrenda luzea

Gaurko saioan, herriko interesekoak diren hainbat gairi helduko diete udal ordezkariek eta batzarrera joaten diren herritarrek; tartean: udal gimnasioaren egoera, erabileraren eta instalazioaren arau orokorrak, konpost zerbitzuaren gainean hartu beharreko erabakiak –konposta egiteagatik zegoen hobaria ezabatzea edo ez…–, etxebizitzen inguruan egindako galdeketaren emaitzak eta komunitate energetikoarekin lotutako proposamenak. Horrez gain, bestelako gaiei buruzko ekarpenak egiteko aukera ere izango dute herri batzarrera doazenek; izan ere, udal ordezkariak herritarren beharrak eta iradokizunak entzuteko asmoz izango dira.

Herritar guztiei irekita

Udalak herritar guztiak gonbidatzen ditu batzarrean parte hartzera, tokiko erabakiak modu ireki eta parte-hartzailean eraikitzeko asmoz. Haien iritziek eta ekarpenek herriaren etorkizuneko proiektuak zehazteko garrantzi handia izango dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak