Dorletako Ama Txirrindulari Elkartearen babespean eta Gatza City Krew taldeak lagunduta ari dira egitasmoa aurrera eramaten, eta lehen aldiz Leintz Gatzagako basoetan egingo den mendi-lasterketak hamazazpi kilometro izango dituela eta 1.050 metroko desnibela izango duela aurreratu dute. "Proba antolatzeko ideia buruan izanda, urtebete daramagu prestaketa-lanekin. Herriarentzako proba bat nahi dugu, eta, kontrolak nahiko malguak izanda, proba herrikoia izatea nahiko genuke; duda barik, lehia ere izango duena", adierazi du Beñat Agirreurretak, Gatza Trail taldeko kideak.