Iñaki Bengoa: "Entrenamendu luzeak egitea ezinbestekoa da"

Imanol Beloki Unamuno 2025ko urr. 24a, 08:12

Iñaki Bengoa Hiru Handiak proba egiten, aurten. Argazkia: Jone Bengoa

Iñaki Bengoa (Gatzaga, 1955), Olaun baserrian jaioa, Gasteizen bizi da. Hamar anai-arrebaren artean zazpigarrena da, eta 48 urte zituela hasi zen mendi lasterketetan. Ordutik hona hainbat proba egin ditu. Azkena, urriaren 11n izandako Hiru Haundiak mendi lasterketa.

70 urterekin egin du azkenengoz, eta Gorbeia, Anboto eta Aizkorri mendiak igo eta jaisten dituen 101 kilometroko proba 19 ordu eta 28 minutuan bukatu zuen.

Hiru Haundiak proba egin berri duzu, 70 urterekin; ondo iritsi zara, gainera, helmugara, ezta?

Hiru Haundiak proba zazpi ediziotan egin dut: horietako batean erretiratu egin nintzen, gripearekin egon nintzelako astebete lehenago, eta egindako edizioetako bat ez da agertzen Hiru Haundien sailkapen orrian. Beraz, ofizialki bost egin arren, zazpi bider saiatu eta sei helmugaratze egin ditut. Horren harira, alabak kamiseta bat egin eta eman dit aurtengo helmugaratzean; bertan, zenbat urterekin, zein ediziotan eta zenbateko denborarekin egin ditudan helmugaratzeak agertzen da. Kasu horretan ere bost dira, Edozein dela denbora, zutaz harro! esaldipean.

Helmugan alabak egindako kamisetarekin.

Bost, sei edo zazpi izan, proba guztiak 40 urtetik gora zenituela, edo?

Lehen, bizikletan aritzen nintzen dezente, eta behatz bat apurtu ostean hasi nintzen mendian korrika. Orduan sartu zitzaidan mendi lasterketetan aritzeko harra, eta 48 urte nituela hasi nintzen. Eskoriatza eta Aretxabaletan egiten zen Txikirri-txikirri martxarekin hasi, gero Andoainen lasterketa batzuk, ondoren Zegama-Aizkorri –honako hau ere lau aldiz egin dut–, eta gero, Hiru Haundiak.

Egindakoetatik gogorrena?

Hiru Haundiak esango nuke dela gogorrena. Zegama-Aizkorri esplosiboa da, baina, ez dira hainbeste ordu. Denbora tarte horretan krisi txikiak izaten dira, eta estomagoa izaten da nire ahultasuna. Dena den, aurten ez dut sufritu hainbeste. Etxekoen laguntza ere izan nuen hainbat puntutan, eta helmugan, Landan eta Otxandion jendetza batzen da animatzen.

"Ofizialki bost helmugaratze egin ditudan arren, sei aldiz amaitu ditut Hiru Handiak"

Aurtengoa nola joan da?

Aurreikusi baino hobeto. Denboraz ere ondo aritu naiz, baina antolatzaileek zeharo aldatu dute ibilbidea; indarrak ondo neurtu behar izan ditugu parte-hartzaileok. Zalduondotik barik Araiatik hasita, errepidetik ezberdin hasten zara; Urbiatik iristean, Narbaiza ingurura jaitsi eta leku ezezagunagoa da bertakoa. Gorbeiako igoera ere aldatuta, aldapa oso gogorra izan da. Ibilbidea aldatu eta desnibel bera zela esan zuten, baina desnibel horiek guztioriek ia amaieran zetozen, eta hori izan da lasterketaren gogorrena.

Prestaketa nolakoa da zuretzat?

Ez daukat fisiorik, ezta nutrizionistarik ere… Nire kontura aritzen naiz. Entrenamendu luzeak egin behar dira halako proba bati aurre egiteko. Lasterketa baino bi hilabete lehenago, entrenatzeko, astean bi ibilbide luze egiten ditut; 40-50 kilometrokoak. Udaberrian motzak egiten hasten naiz, 20 kilometro ingurukoak. Udan, esaterako, Pirinioetan egon naiz hilabete, eta, gailur pila bat eginda, ondo entrenatuta iritsi naiz Hiru Haundietara.

Beteranoena Hiru Handietan?

Lau geunden 70 edo hortik gorakoak. Bat ez zen atera, bestea erretiratu egin zen eta bestea ni baino bi ordu geroago iritsi zen helmugara. 9 dortsalarekin atera nintzen ni.

Datorren urtean egingo duzu?

Nire helburua 70 urterekin azkena egitea zen, baina, sentsazio onekin amaitu dudanez, ikusiko dugu. Datorren urtean, Gasteizko Hamar Mendiak proba [68 kilometro] eta Zegama-Aizkorri egingo ditut.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak