Herriko talde batek egindako eskaerari jarraituz egindako lana izan da, eta, obra aurreikusi baino luzeago joan den arren, helburu asko betetzen dituen proiektua dela azpimarratu nahi izan du Dorleta Elkorobarrutiak, Leintz Gatzagako alkateak. Irisgarritasun neurriak betetzen dituen lokal bat konpontzeko aukera izan dugu Jakioneko lokala zegoen eremuan, eta konponketa hori gauzatzeko dirulaguntza ere izan dugu; gurea moduko herri txiki batean ezinbestekoa dugu laguntza halako proiektu bat gauzatzeko. Gainera, herrien arteko kolaborazioagatik eta laguntzagatik hornitzea ere lortu dugu, eta, irekiera ofizialerako pixka bat itxaron beharko dugun arren, lanak amaituta daude".
Lehentasunen arabera
Materialez hornituta dago Gatzagako gimnasioa, baina apurka-apurka ekipamendua handitzen joatea ere badela asmoa azaldu du Elkorobarrutiak, lehentasunak markatuta: "Makina gehienak jarrita daude gimnasio berrian, eta pare bat erostea falta zaigu. Guztira, hamabi makina daude, gaur-gaurkoz: indarra lantzekoak dira gehienak, pisuak altxatzekoak ere badira horien artean, eta aerobikoagoak direnak ere jarriko ditugu: spinninga egiteko bizikleta… Oinez edo korrika egiteko zinta aurrerago iritsiko da. Aurrekontuari begira gaude".
Atea irekitzeko aplikazioa
Ateak laster irekiko dituzte, nahiz eta erabiltzaileentzat aplikazioa martxan jartzea geratzen den: "Makinen doikuntzak egingo ditugu lehenbizi; aseguru eta kontratazioak egin behar ditugu, eta erabiltzaileek atea irekitzeko txartelak ere prestatuko ditugu. Horren harira, enpresarekin aplikazioa ia finduta dugu", gaineratu du Elkorobarrutiak.
Etorkizunean, kanpoaldeko espazio bat ere egokitzeko asmoa dute, gimnasioaren osagarri gisa, baina, lehenbizi, martxan jarri nahi dute proiektua, nolako harrera duen ikusteko.