Jaiak bukatuta, asteko batzarrean Leintz Gatzagako jaien balorazioa egingo dute udalbatzako kideek. Alde ekonomikoari erreparatuko diote, egin diren ekintzak aztertu, egon diren hutsuneak eta hobetu beharrekoak landu, eta ondoren herri batzarra deituko dute, gatzagarren iritziak jasotzeko. Edozelan ere, jaiak aztertu aurretiko lehen balorazioa positiboa dela adierazi du Dorleta Elkorobarrutiak, Gatzagako alkateak.
Esker mezua guztiei
"Lan handia izan dugu egunotan, eta orain nekea, baina oso ondo joan dira festak. Udalak eskerrak eman nahi dizkie jaietan parte hartu duten taldeei, eta baita norbanakoei ere. Normalean, aipatu ere ez ditugu egiten, baina Gatzagako txistulariei ere eskertu nahiko nieke esfortzua; zapatu goiza girotzen izan ziren, eta eurekin Arrasatetik etorritako txistulariak ere izan ditugu; eskerrak eurei ere".
Horrez gain, Ayane Diaz gaztea izan da jaietan pregoilari, eta datorren urteko hautagaia hark aukeratzea nahiko luketela adierazi du Elkorobarrutiak: "Zehaztuko dugu nola egin datorren urteko pregoilariaren aukeraketa. Gero, kontzertuak ere izan genituen, gazteek antolatuta. Zapatuan, berriz, puzgarriak goizean, eta bigantxen unean txarangakoak musikaz girotzen. Herri-afarian, bigarren urtez jarraian, parrillako lanak egiteko ardura belaunaldi berriek hartu zuten, eta 162 lagun batu ginen, guztira. Domekako herri kirolak oso ondo egon ziren, eta kantu-bazkarian ere giro polita izan genuen; kasu horretan, musikariei ere eskerrak ematea, bertara etortzearren".
Autobusen erabilera
Landu beharreko gai bat ere izan dutela berbagai azpimarratu du Gatzagako alkateak; izan ere, autobus zerbitzua indartu arren, erabilera ez dela nahikoa izan adierazi du: "Ez soilik gauekoa, egunekoa ere. Orduro izan genuen zerbitzua Gatzagara, eta bigantxetan, adibidez, auto pilaketak izan ziren. Herriaren azpiegitura eta lekua duguna da, baina lantzeko gai bat dugu hemen…".