Pregoiaren bidez eman diote hasiera Leintz Gatzagako andramaixei. Ayane Diaz gazte gatzagarra izan da pregoilaria, aurreko urteko boloan hala egokitu ostean. Berezia izan da unea, herritar batek pregoia ematen duen lehen aldia izan da eta. Jaietan errespetuz jarduteko eskakizuna egin du Diazek: "Iritsi dira Gatzako andramaixak. Ospatu ditzagun gatzatarrok betidanik erakutsi dugun errespetu eta bizikidetza oinarri izanda". Umore onaren aldeko apustua ere egin du pregoilariak: "Dantza, kantua irribarrea eta lagun artea izan daitezela datorren egun honetan protagonista". Pregoiaren ostean boloa egin dute, herriko gaztetxoen gozamenerako.
Hasiera besterik ez
Pregoia jaien hasiera besterik ez da izan. Astelehenera arteko egitaraua osatu dute, hainbat ekintzekin. Gaur, adibidez, bola txapelketa izango da 22:00etan hasita. Ordu berean musikaz gozatzeko aukera ere izango da Inguma, Dirty Old Gasteiz, Sotoalde eta Kremallera taldeen eskutik.
Hurrengo egunetan ere askotariko ekintzak izango dira. Bereziki aipagarria da zapatuan 17:00etan izango diren bigantxak, 30 urteren ostean jaietako egitaraura itzuliko dira eta. Ohiko ekintzak ere izango dira, tartean, zapatuan 21:30ean egingo den herri afaria edo astelehenean 12:00etan ospatuko den meza nagusia.