Gatzagako plaza herri giroaren topaleku, musikak lagunduta

Imanol Beloki Unamuno 2025ko ira. 4a, 16:47

Kremallera, Sotoalde, Inguma eta Dirty Old Gasteiz taldeak.

Dirty Old Gasteiz, Inguma, Sotoalde eta Kremallera taldeak izango dira egubakoitzean kontzertua ematen. Gatza City Krew gazte taldeak antolatuta rock estiloko taldeen aldeko apustua egin arren, musika urbanoa ere izango da entzungai

Txalapartarien eskutik egingo du festak eztanda gaur Leintz Gatzagan. Horrekin batera, boloa egingo dute udaletxeko balkoitik, txikien gozamenerako, eta Ayane Diaz gatzagarrak izango du pregoilaria izateko ardura. Hala, andramaixak hasi, eta, urtero moduan, kontzertu gaua izango da hitzordu nagusia, iluntzeko hitzorduen ostean.

Gatza City Krew gazte taldeko kideak arduratu dira, beste behin, jaietako lehenengo egunerako musika taldeen programa prestatzeaz, eta aurten ere egitarau indartsua lotu dute. Lau talde igoko dira oholtzara, 22:00etan: Dirty Old Gasteiz, Inguma, Sotoalde eta Kremallera. Horietatik hiru, Inguma (Oñati), Sotoalde (Bergara) eta Kremallera (Eskoriatza), Debagoieneko taldeak dira, eta Dirty Old Gasteiz, berriz, Arabakoa.

Estilo aniztasuna

Tradizioari eutsiz, punk-rock doinuek izango dute pisu nagusia kontzertuetan, baina aurten musika urbanoaren presentziak ere bere tokia izango du, musika estiloen arteko fusioa bilatuz eta ikus-entzule zabalago bati irekiz egitaraua. Izan ere, Bergarako Sotoaldeko kideak musika urbanoa egiten izango dira.

Musika proposamenak

Musikaren eta herri giroaren topaleku bilakatuko da egunotan Gatzaga, eta gaurkoa ez da proposamen bakarra izango. Udalak antolatuta, zapatuan Latuna Bando Txaranga izango da, bigarren urtez jarraian, Gatzagako jaietan. Gauean, berriz, Old Glasses taldearen kontzertua izango da, eta kasu horretan, besteak beste, Creedence Cleanwater Revival, Deep Purple, Dire Straits eta AC/DC taldeen kantak entzun ahalko dira, Zallako Old Glasses taldearen eskutik. Amaitzeko, domekan, bazkalostea girotzen Sei Pistols & Trabuko Bat taldea arituko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak