Azahara Dominguez diputatuak jakinarazi duenez, zerbitzu horiek irailaren 5ean, ostirala, izango dira. "Gipuzkoarrek jaiez modu eroso, jasangarri eta, batez ere, seguruan gozatu ahal izatea nahi dugu. Horregatik, beste udalerri batzuekin egiten ari garen bezala, Lurraldebuseko zerbitzu bereziak jarriko ditugu martxan, hala nahi duten pertsona guztiek, autoa duten ala ez alde batera utzita, Leintz Gatzagara hurbiltzeko aukera izan dezaten. Garraio publikoa aisialdian indartzea eta herritarrentzat eskuragarri jartzea ezinbestekoa da joan- etorrietarako ohitura iraunkorrak ezartzeko".
Dorleta Elkorobarrutia, Leintz Gatzagako alkatea: "Herri txikiak bizirik mantentzeko ezinbestekoa da egunerokotasunean mugikortasun jasangarriaren aldeko apustua egitea: herri txikietako biztanleok –gazte, heldu zein nagusi– aukera izatea zerbitzuetara zein beste jardueretara gerturatzeko (ikastetxea, osasun-arreta, aisialdia, erosketak, lantokia...); baita gurera etorri nahi duten bisitari zein turistek ere modu jasangarrian heltzeko. Jaietan ere beharrezkoa da autobus-zerbitzu duina izatea, hartara antolatutako ekintzetan eskualdeko gainontzeko herritarrek parte hartu ahal izango dute. Horrela gainera, mugikortasun jasangarriaren alde egiteaz gain, bermatuta geratzen da joan-etorrien segurtasuna".
Zerbitzu berezia asteburuan
Lurraldebuseko zerbitzu bereziak irailaren 5etik (egubakoitza) 6ra (zapatua) bitarteko gauean jarriko dituzte, jaiez gozatu nahi duten pertsonek modu jasangarri, eroso eta seguruan gozatu ahal izan dezaten. Azahara Dominguez diputatuak adierazi duenez, egun horretan gaueko zerbitzuak 21:00etan, 22:30ean eta 00:00etan aterako dira Oñatitik, eta honako ibilbide hau egingo dute: Arrasate (21:15, 22:45 eta 00:15), Aretxabaleta (21:25, 22:55 eta 00:25), Eskoriatza (21:35, 23:05 eta 00:35) eta 21:45, 23:15 eta 00:45ean iritsiko dira Leintz Gatzagara. Itzultzeko, Leintz Gatzagatik irteerak 01:00etan, 02:30ean eta 05:00etan izango dira.
Era berean, larunbatean, hilak 6, eta igandean, hilak 7, DG21E linearen zerbitzuak egongo dira aurretik eskatu behar izan gabe. Zerbitzu hauek larunbatean izango dira 17:10ean, 19:10ean eta 21:10ean Leintz-Gatzagatik eta 17:45ean, 19:45ean eta 21:40an Eskoriatzatik. Igandean 11:10, 13:10 eta 15:10ean Leintz Gatzagatik eta 11:45, 13:45 eta 15:45ean Eskoriatzatik.
Dominguezek gogorarazi du ordutegiak Lurraldebusen webgunean edo erabiltzaileari arreta emateko 900 300 340 telefonoan kontsultatu ahal izango direla.