Irailaren 5etik 8ra bitartean ospatuko dituzte Andramaixak, Gatzagan. Astelehena, hilaren 8a, Dorletako Eguna izanda, egun bat gehiago iraungo dute jaiek, gainera, eta programazioa fintzen ari dira egunotan. Egitaraua hizpide, joan den astean herriko eragile guztietako ordezkariak batu ziren –Sorginak Emakume Elkartekoak, Gatza City Krew taldeko gazteak, Gureleko kideak, Toki Eder Jubilatu Elkartekoak…–, herri batzarra egiteko, eta jaien antolaketa borobiltzeko.
Bigantxak berritasun
Herriko haur batek emango die hasiera jaiei pregoiarekin, eta, urtero moduan Gatza City Krew gazte taldeak antolatzen dituen kontzertuak ere izango dira gauean. Zapatuen, irailaren 6an, haurrentzat bideratutako ekintzak izango dira, batez ere, eta, aurten berritasun bigantxak izango dira. "Herri batzarrean, jaietako hitzordu gehienak lotuta izan arren, zenbait eskaera jaso, eta, bigantxak antolatu edo ez erabakitzean, baiezkoa irten zen. Gatzagan urte dezente ez dira egon; lehen bigantxak egiten ziren goiko plazan, gero, sokamuturra…, eta herriak baietz erabaki badu, aurrera", adierazi du Dorleta Elkorobarrutiak, Leintz Gatzagako alkateak.
Herri kirolak, domekan
Hilaren 6an, herri afariak ere ez du hutsik egingo eta ostean erromeria izango da, beti bezala. Domekan, aldiz, herri kirolen erakustaldia izango da, eta astelehenean, Dorleta Santutegira gerturatzen diren guztiei harrera egingo diete. Gainera, ohiturari eutsiz, Otxandiokotik oinez Gatzagara iritsitakoak ere bertan izango dituzte.
Iturriak 300 urte
Jaietako egitaraua batzen dituen esku-orriak laster banatuko dituzte etxez-etxe, eta, programaren azalerako erretratua ere prest dute. "Urtero-urtero programaren azalean, Gatzagako iturriaren erretratua jartzen dugu, eta, aurten ere agertuko da. Iturriak 300 urte bete ditu aurten, eta, bertan plaka bat jarri genuen, mezu esanguratsu batekin. Mezu horrekin, bat eginda, Palestinako bandera eta ikurrina ere agertzea nahi izan dugu".