Inoizko Dorletako Ama sari gogorrena, domekan

Xabier Urtzelai 2025ko uzt. 18a, 12:05

Iazko irabazle Kantabriako Sergio Trueba (Gomur), Haimar Exeberriaren eta Asier Castillarekin batera.

Leintz Gatzagako lasterketan ziklistek 117 kilometrotan 2.170 metro igoko dituzte. Iaz birritan pasa ziren Apotzagatik, aurten lau aldiz egingo dute igoera hori. 

Ziklismo denboraldia halamoduz prestatu duen amateur mailako txirrindulariak hobe du domekan etxean geratu, eta oraingoz 120 ziklistak eman dute domekarako izena. Izan ere, Dorletako Amako lagunak ez dira txikikerietan ibili aurtengo lasterketa diseinatzerako orduan. Domekan ziklistek 117 kilometrotako lasterketa izango dute eta ia 2.200 metro igoko dituzte. Alegia, mendiko criterium bat egingo dute. Hori bai, gogortasunak ez du zertan ikusgarritasunaz lotuta joan. "Egia da zalantzak izan ditugula ibilbideaz, gogorregia ez ote den... Baina antolaketa taldean ditugun gazteek diote lehengo lasterketak gazte mailakoendako ibilbidea zuela, eta gaur egungo ziklistak ia profesionalak moduan prestatzen direla, horrenbestez, aurrera", dio Joxerra Agirreurretak. 

Hain zuzen hori da Gatzagako lasterketatik datorren albiste pozgarrietako bat, antolaketa aldetik erreleboa dagoela, eta gaur egun hori asko da. "Zorionez ez gara herriko tonto bakarrak, atzetik tonto gehiago datoz", dio Agirreurretak barre eginez, jakinda, herriko gazte koadrila bat erreleboa hartzeko prest dagoela, eta tartean daude haren semeak, noski. "Gu laguntzeko geratuko gara, baina eurak dira gaur egungo ziklismoaz gehiago dakitenak. Idea berriak proposatzera etorri zirenean bota genien ordagoa, 'ados, baina sartu zuek antolaketa taldean', esan genien".

Lau igoera Apotzagara

Domekan 09:30ean hasita ziklistek lau alditan igoko dute Apotzagara –Aretxabaletako Markole auzotik gora–, eta beste hirutan Gatzagako maldei aurre egin eta gero laugarren igoeran herrian amaituko da lasterketa, 12:30 inguruan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak