Webgune berria du Gatzagako Udalak, erraz eta intuizioz aritzeko

Imanol Beloki Unamuno 2025ko eka. 27a, 08:00

Leintz Gatzagako udal webgune berritua. 'Leintzgatzaga.eus'

Leintz Gatzagako herritarrek webgune berritua dute erabilgarri: Leintzgatzaga.eus. Webgunea gaurkotu egin dute, eta atal berriak sartu; egitasmoaren asmo nagusia herritarrek modu errazean erabiltzea dela adierazi dute udal ordezkariek.

Leintz Gatzagako Udalak –leintzgatzaga.eus– webgunea berritu du. "Modernoagoa, itxura berriarekin, eta intuitiboa izateko asmoz", Dorleta Elkorobarrutia Leintz Gatzagako alkateak adierazi duenez.

Lauzpabost hilabeteko lana izan da, eta, teknikoki aukera guztiak aztertuta eta segurtasun neurriak hartuta, kontratatu duten enpresarekin elkarlanean aritu dira. Aurreko webgunea oso zaharkituta zegoela argudiatuta udal langileekin batera iritsi den erabakia izan dela adierazi du Leintz Gatzagako alkateak: "Webgunea ez zen oso erakargarria, eta azken urteotan asko aldatu dira udal webguneak. Guk geuk ere eguneratu egin nahi izan dugu, eta, agian, herritarraren erabilerarako errazagoa da –tramiteak egiteko, informazioa bilatzeko–. Aurrekoarekin alderatuta informazio gehiago jaso da, gainera. Adibidez: ordenantza eta araudiak, baita eskaera-orriak ere PDF editagarrian".

Bi webguneren elkargune Leintz Gatzagako udal jardueraren gaineko informazioa argiago dago aurreko webgunearekin alderatuz, eta logo berria jarri diote webguneari. Gainera, Gatzagak dituen beste bi webguneri ere leku nabarmena eman zaie; hain zuzen ere, Garela garelako Gatzaga eta Gatz museoa webguneei. Bi horietan, herriaren gaineko informazio praktiko guztia biltzen da; batean herriarena, orokorrean, eta bestean, gatz jarduerari dagokion guztia, xehetasun guztiekin. "Horrekin batera, Dorletako Ama Txirrindularien Elkartekoen informazioa batzen duen webgunea egiteko asmoa ere badago, eta, eginez gero, bertara bideratuko dugu. Hala ere, ikusteko dago egingo den edo ez".

Herritarrak integratzeko

Duela astebete inguru, gainera, Gurel Guraso Elkarteko, Dorletako Ama Txirrindulari Elkarteko, Toki-Eder Jubilatuen Elkarteko eta Sorginak Emakume Elkarteko ordezkariak udaletxean batu ziren Iosune Mendikute Gatzagako udal langilearekin, webguneak dituen ezaugarriak ikusteko eta egunerokotasunean egin ahal izan dituzten gauzak egiten ikasteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak