Askotariko ekintzak izan zituzten joan den asteburuan Gatzagan, Gatz Egunaren bederatzigarren edizioaren baitan: gatzaren eta bertako produktuen azoka, Gatz Museora bisita gidatuak, Jakoba Errekondoren hitzaldia, Bateko kopa iturriaren 300. urteurrena ospatzeko ekitaldia eta musika emanaldiak egon ziren Gatzagan.
Aspaldiko jendetsuenetakoa
Herritarrak bai, baina inguruko herrietako jendea ere joan zen Gatzagara asteburuan. Alkate Dorleta Elkorobarrutiaren arabera, "azkenengo urteetako jendetsuenetakoa" izan zen domekakoa, eta, haren hitzetan, "Gatzagak duen erakargarritasuna" erakusten du herrira joandako jende kopuruak. "Gatz Museoa dugu, eta urre zuriak erakarri egiten du jendea, baina Gatzagak ere badu bere xarma, eta hori argi ikusi da aurtengo Gatz Egunean". Gainera, Gatz Egunaren bueltan lanean ibili zirenei galdetuta, Elkorobarrutiak adierazi du "oso gustura" bukatu zutela eguna denek, eta "ekoizleak gustura ibili badira Gatz Eguna ondo joan dela" esan gura duela adierazi du alkateak.
Hamargarrenerako prest
Azkenengo bi urteetan Gatz Eguna maiatzean egiteko hautua egin dute antolatzaileek, eta, izandako harrera ona ikusita, "hamargarren edizioa ere maiatzean egitea da asmoa, eguna egonkortzeko helburuarekin". Hala, dagoeneko hamargarrenari begira jarrita daudela dio Elkorobarrutiak, eta, oraindik ezer zehaztu ezin badute ere, "ekintza bereziren bat" egiteko asmoa dutela aurreratu du.