09:00etan, Bateko kopako iturrian batuko dira Makilakorta mendira igotzeko, eta, egitarauan ez jarri arren, sorpresa bat dute antolatzaileek bertaratzen direnentzat. "Makilakortara igoko gara eguraldia lagun badugu, eta, bertan jolas batzuk egin ostean, hamaiketakoa egingo dugu. Eguraldia oso txarra bada, frontoian egingo ditugu jolasak, eta gero, hamaiketakoa Toki-Eder elkartean".
14:30ean, berriz, herri bazkaria izango dute, eta 50 lagun inguru batuko dira bazkaltzeko. Menua paella, lasagna eta pantxineta izango da. 19:00etan, berriz, bailarako taldeen kontzertuak izango dira. Hain zuzen ere, Eskoriatzako Kremallera taldearen eta Aretxabaletako Glutenbakuak taldearen eskutik. Afaldu nahi duenak ere aukera izango du; izan ere, Gurel Guraso Elkartekoek ogitartekoak salgai jarriko dituzte.