Gatzagan jaio, Aretxabaletan bizi eta Eskoriatzan lan egin; nongoa da Itzal?
Gatzagakoa naiz. Uste dut Gatzagan jaiotzen bazara berdin duela nora joaten zaren; beti izango zara, sentimenduz, gatzagarra. Nire aisialdiko denbora Eskoriatzan igarotzen dut, han ikasi dudalako urte askoan. Hala ere, Itzal Gatzagakoa da.
Arte munduko hainbat adar ukitu dituzu; bakarrak bete zintuen?
Ikus-entzunaren arloa ere gustatzen zait. Horrez gain, marraztea ere gustuko dut, eta deskonektatzeko modua izaten da niretzat. Halere, argazkilaritzak betetzen nauen beste ez nau beste ezerk bete. Are gehiago, argazkiak paperean inprimatzen dituen horietakoa naiz; izan ere, uste dut argazkiak gure gaitasunak biltzen dituen zerbait direla. Betidanik izan naiz ateratzea eskatzen duen pertsona astun hori.
Zuk zeuk argazkiak ateratzea ala norbaitek zuri ateratzea?
Ez zait batere gustatzen argazkietan agertzea; ez naiz fotogenikoa. Nahiago dut argazkia ateratzea talde handi bati, ni agertu gabe, ni agertzen naizen selfie bat ateratzea baino.
Musika ere gustuko duzu; izango zinateke talde bateko argazkilaria, ala bi esparruak banatuta nahiago dituzu?
Bada, ez dut sekula izan inguru horretan lan egiteko aukerarik, baina ez dut baztertzen. Uste dut polita izan daitekeela; hortaz, inork nahiko balu, hemen uzten dut proposamena; kar-kar.
Argazkilaritzatik bizitzea ez da erraza, eta zuk hori lehen pertsonan bizi duzu.
Ez da erraza, ez. Horregatik egiten dut lan Eskoriatzako gasolindegian, eta izan daiteke jendeak horregatik ezagutzea.
Autoak gustuko dituzu? Askotarikoak ikusiko zenituen honezkero gasolindegian.
Ez zaizkit asko gustatzen, egia esan. Gainera, nahiko txarra naiz auto markak ezberdintzen. Pixkanaka-pixkanaka ari naiz ikasten, eta orain gehiago kontrolatzen dut; kar-kar.
Zer erakusketa jarriko zenuke Eskoriatzako gasolindegian?
Askotan pentsatu dut horren inguruan, eta baditut ideia batzuk: alde batetik, gustatuko litzaidake gure erretratuak egitea lehen egunetik azkenera arte. Bestalde, jendaurreko lana eta oso herrikoia denez, gustatuko litzaidake eguneroko bezeroei erretratuak ateratzea. Ez nintzateke argazki soiletara joango; pertsonen arteko harremanak nabarmenduko nituzke.
MOTZEAN
Argazkilaritza mota bat. Animalien erretratuak.
Ezkutuko zaletasuna? Ilunabarrak ikustea.
Janari gustukoena? Makarroiak tomatearekin, atunarekin eta gaztarekin.
Basamorturako kita. Kamera, ura eta jana.
Abesti bat. Bengoren Bueltatzen.
Gatzagako toki bat. Aitaren txabola.