Herri batzarra antolatu du Udalak, eta auzolanerako dei egin

Imanol Beloki Unamuno 2025ko ots. 7a, 17:33

Gatz Museo ingurua atontzeko egin zuten auzolana, iaz.

Auzolanera eta herri bilerara deitu ditu herritarrak Gatzagako Udalak. Herri batzar proposamena otsailaren 14rako egin dute, egubakoitza, 18:30ean, eta auzolana, berriz, otsailaren 22an egingo dute.

Herritarren parte-hartzearen garrantzia azpimarratzeko, udal jardueraren eta herriko proiektuen berri emateko eta, bide batez, ekarpenak jasotzeko izango da herri batzarra. Erabilera askotariko espazioan egingo dute batzarra, ludotekan, eta parte hartzera deitu ditu herritarrak Dorleta Elkorobarrutiak, Leintz Gatzagako alkateak: "Herria aurrera eramateko, herritarren ekarpenak ezinbestekoak dira. Beraz, gatzagarren iritziak jasotzeko eta Udalak esku artean dituenen berri emateko batuko gara. Oraingoan, autokritika egin beharrean gaude; izan ere, udal jardunean sartu eta dena bideratzen aritu gara denbora batez, aurreikusi baino gehiago, agian, baina badugu norabidea markatuta, eta, agintaldiaren hasieran esan moduan, gure helburua Gatzaga bizirik mantentzea da. Lanketa bat egingo genuela esan genuen, eta iritsi da herritarrekin batzeko unea".

Auzolana, ezinbestekoa

Auzolanera dei egiteko kartelak egunotan jarri dituzte herriko hainbat txokotan. Sarri egin ohi da Gatzagan auzolana: museo ingurua txukuntzeko, bide-bazterrak garbitzeko, sastrakak kentzeko, zuhaixkak eta zuhaitz batzuk botatzeko… Oraingoan ere, ildo beretik egingo dute; hain zuzen ere, kanposantuko bidean egingo dituzte txukuntze-lanak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak