Leintz Gatzagako Hautesle Elkarteko kideek osoko bilkuran aurkeztu eta onartutako proposamenaren barruan, inbertsio nagusiak zeintzuk izango diren ere azaldu dute. Hain zuzen ere, herrigunean, Arrate jatetxe pareko aparkalekuak egokitzeko inbertsioa egingo dute (20.000 euro), baita udal gimnasio bat egiteko ere (63.146 euro). Azken horri dagokionez, eremua zehaztuta dute iaztik; Jakioneko lokala izan zena baliatuko dute eremua egokitu eta gimnasio berria egiteko. Dagoeneko ekin diote lanen lehenengo faseari. Inbertsio nagusiak horiek izan arren, herrian badagoela zer egin adierazi du Dorleta Elkorobarrutiak, Leintz Gatzagako alkateak: "Egoera eskasean dauden baserri-bideak berritu egingo ditugu, udal artxiboa antolatzeko ere gorde dugu diru partida bat, eta Gatz Museoko eremua hobetzeko, aterpetxea aurrera eramateko… Horiek egiteko dirulaguntzak ere ezinbestekoak izango ditugu".
%69 handitu da Gatzagako udal aurrekontua, foru funtsaren gehikuntzarengatik
Herria bizirik mantentzeko
"Inbertsio nagusietara bideratu barik, esku artean ditugun proiektuak ere baditugu. Beti esan dugun bezala, herria bizirik mantentzea da helburua, eta, horretarako, zerbitzu minimo batzuk bermatzea izango da lan-ildo bat, eta hortik zenbait proiektu egiteko asmoa dugu. Bestalde, atzetik datozen proiektuei jarraipena eman nahi diegu; nolabait, eguneratu eta, ahal den neurrian, berritzea ere bada gure helburua. Adibidez, museoa eta haren ingurua… Jasangarritasuna izango dugu ardatz landuko ditugun lan-ildoetan eta egingo ditugun proiektuetan; hori da asmoa".
Dirulaguntzen beharra
Iazko aurrekontuarekin alderatuz, 155.000 euro gehiago izango ditu Gatzagako Udalak, baina dirulaguntza eskaerak ere egingo dituzte herrian eragiteko. Eusko Jaurlaritzaren eta Foru Aldundiko dirulaguntzen eskaerak egingo dituzte, hain zuzen ere. Batetik, museo-bildumarentzat, enplegu lokala bultzatzeko, Osakidetzako lokala finantzatzeko, Erein 2025 gimnasioa aurrera eramateko eta baserri-bideak berritzeko