Gatzagako Udalak kanpo-desfibriladore automatizatu bat jarri du jendaurrean, eta 365 egunetan eta 24 orduz dago erabilgarri. Garro jauregiaren atarian jarri dute bihotz-biriketako suspertzea egiteko gailua, eta, herritarrek erabiltzen ikas dezaten, prestakuntza-saio bat izango da, erabilera askotariko aretoan, desfibriladorea modu eraginkorrean eta behar denean berme guztiekin erabili ahal izateko. Saioak helduentzat eta haurrentzat izango dira: bata, zapatu honetan, eta bestea, abenduaren 8an.
Herritar guztiei irekita
"Ez izan zalantzarik, eman izena, pertsona guztiak gara baliagarriak eta laguntzeko gai. Helburua prebentzioa da", azaldu du desfibriladorearen erabilpenaren gaineko ikastaroa emango duen Eneka Zankadak. Gaineratu duenez, gutxi gorabehera, bi ordu iraungo du saioak eta doakoa izango da. Zapatu honetako saioa helduei zuzendutakoa da, 10:30ean hasita, eta abenduaren 8koa, 14 urtetik beherako haurrei zuzendutakoa, berriz, 17:30ean; biak, erabilera askotariko aretoan.