Gaba Baltza ospatuko duten arren, joan den domekan hasi zituzten prestaketa lanak, kalabaza-huste tailerrarekin. Kalabazak hartu, hustu eta begiko, sudurreko eta ahoko zuloak egin zizkieten, horien barruan kandelak pizteko. Horrela, herria modu beldurgarrian apainduta izateko.
Eskearen ostean, jolasa
18:00etan aurpegiak era beldurgarrian margotzeko batuko dira haurrak erabilera askotariko gelan, eta prest daudenean kalera atera, eta Xanduli, manduli, Eman gozokiak guri! arituko dira etxez etxe gozoki-eskean. Ondoren, 19:00etan, Altxorraren bila jokoa hasiko dute, eta proba ederrak prestatu dituztela adierazi dute Gurel Guraso Elkarteko kideek: "Pistak jarraituz probak gainditu beharko dituzte aurrera egiteko. Mamu bat izango dugu, pistak topatzera etxebizitza batera sartu beharko dute haurrek, eta bolatokian ere izango dugu sorpresaren bat. Esan beharra dago ihes-geletan izaten diren bezalako probak izango ditugula gaur…".
Altxorraren bila jokoa amaitzen dutenean, parte-hartzaileek elkarrekin afalduko dute Toki Eder elkartean. "Ez dugu zehaztu, baina, mokadutxo bat elkarrekin jateko ohitura izanda, pizza batzuk jango ditugu".