GI-627 errepidean, 19,350 kilometro puntutik (Arlaban gaina) 27,200 kilometro puntura arte (Aingeruguardako biribilgunea, Eskoriatza) dagoen zatia guztiz moztu beharko da Arlaban mendatean egingo diren errepide-lanengatik. Bereziki, 21,900 eta 23,200 kilometro puntuen artean egingo diren lanek errepidearen desnibela nabarmen aldatu beharko dutenez, erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko ezinbestekoa da trafikoa guztiz etetea.
Urriaren 18ra arte errepidea itxita
Hasiera batean, trafiko etena irailaren 2tik urriaren 4ra bitartean izango zela jakinarazi zen, eta etenaldi horrek komunikazioa guztiz moztuko zuen Debagoiena eta Gasteiz artean, GI-627 errepidetik, bai ibilgailuentzat bai txirrindularientzat. Hala ere, lanek gehiago iraungo dute, eta, trafiko etenaldia urriaren 18ko gaueko 20:00ak arte luzatuko da.
Errepideko bi muturretan, larrialdietako ibilgailuek eta inguruko bizilagunek edo jarduera ekonomikoren batengatik bertara joan behar duten pertsonek sarrera izango dute, betiere obra eremuan (21,900 - 23,200 kilometro puntuen artean) sartzeko beste biderik ez badago.