Sergio Truebak irabazi du Dorletako Ama lasterketako 46. edizioa, bi ordu eta bederatzi minutuko denbora eginda, eta harekin batera helmugaratu dira Haimar Etxebarria eta Asier Castilla ere.
Oso lasterketa "azkarra eta hauskorra" izan dela aitortu du irabazleak. "Normalean, Gatzagako lasterketak baino 40-50 kilometro gehiago dituztenak egiten ditugu eta, egia esan, ez naiz hain ondo moldatzen hain lasterketa motzetan. Gatzagako bi igoerak oso azkar egin ditugu eta Apotzagako maldetan ere sufritu egin dugu, gogorra dira aldapa horiek. Proba osoan gora eta behera ibili gara, atseden hartzeko eta ura edateko ia deborarik gabe".
Dorleta Txirrindulari Elkarteko kide Joxerra Agirreurretak ondo baloratu du lasterketak emandakoa. "Badirudi ez dela ezer larririk gertatu. Antolatzaileok beti egon ohi gara istripuen beldurrez, baina ondo joan da, pozik gaude. Hori bai, oso azkar joan da lasterketa, gaur egun ez dago jakiterik zenbat iraungo duen probak".
Apotzagako maldak sartu izanari buruz, zera erantzun du: "Kritikak jasotzen genituen lasterketa motza zelako gurea. Alternatiben artean, Araba aldera edo Bergararantz luzatzea zeuden, baina ez genuen gura kilometroak gehitzerik proba luzatzearren, eta gogortzea erabaki genuen. Apotzagaren alde egin genuen eta orain zain gaude ea taldeek eta txirrindulariek zer esaten diguten".
Sailkapenak
Lasterketako hiru azkarrenak:
- Sergio Trueba (Gomur Cantabria Infinita) - 02:09.
- Haimar Etxebarria (Finisher Kern Pharma) - d.b.
- Asier Castilla (Laboral Kutxa-Fundacion Euskadi) - d.b.
Mendiko saria:
- Gorka Corres (Caja Rural).
Tarteko helmugak:
- Samuel Fernandez (Gomur Cantabria Infinita).
Talde onena:
- Gomur Cantabria Infinita.