Udaleku itxiei dagokienez, bost eguneko oporraldia izango dute gaztetxoek gozagarri. Horietako bi egunetan –uztailak 8 eta 10– herrigunean jolasak egingo dituzte, partaideen nahiak kontuan izanda, eta gainontzeko hiru egunetan, berriz, irteerak egingo dituzte. Batetik, uztailaren 9an Landara joango dira, bertako belardian jolasteaz batera bainua hartzera; uztailaren 11n, Hontza Extremera, Otxandioko abentura parkera; eta uztailaren 12an, mendi irteera egingo dute.
Angosto kanpinera
Arabako Gaubeako bailaran dagoen Villanañe herriko Angosto kanpinera joango dira, udaleku itxien barruan. Uztailaren 15ean irtengo dira Gatzagatik, 17:00etan, eta uztailaren 17an 16:00etan bueltatuko dira. Egonaldiaz gozatzeko orotariko zerbitzuak izango dituzte bertan, eta bainua hartzeko igerileku klimatizatu estalia izango dute, baita kanpoko igerilekua ere.
Prezioak honako hauek dira: irekiak, 40 euro; itxiak, 50 euro; udalekuak eta itxiak, 80 euro; eta mendi irteera bakarrik, aldiz, 10 euro.