Urtean zehar egiten diren hitzorduen artean azpimarratzekoena da honako hau Gatzagan, eta, Deba Garaia Landa Garapenaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Debagoieneko Mankomunitatearen Turismo Sailaren babesean, egun osoko egitaraua antolatu dute.
Prentsaurrekoa hilaren 14an
Hilaren 19an ospatuko da Gatz Eguna, eta, urteroko ildotik jarraituz, gatzaren eta produktu ekologikoen azoka izango da, mendi ibilaldi gidatua, gatz xaboiak egiteko tailerra, Gurel Guraso Elkartekoen eskutik antolatutako hitzordua, Gatz Museoko bisita gidatuak… Hala ere, egunean izango diren ekintza guztien zerrenda eta jaiak izango dituen helburuak zein bestelakoak hilaren 14an aurkeztuko dituzte Azahara Dominguez-ek, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Foru Diputatuak, Dorleta Elkorobarrutiak, Leintz Gatzagako alkateak eta Debagoieneko Mankomunitateko Lehendakariak, eta Aitor Larrañagak, Leintz Gatzagako Udaleko teknikariak, arratsaldeko bostetan Gatz Museoan egingo duten prentsaurrekoan.