Eguenetan batu dira txalaparta jotzen ikasten ibili diren partaideak, 17:00etatik 19:00etara bitartean, Leintz Gatzagako erabilera askotariko espazioan –eskola zegoen eraikineko lokalean–; hamar lagun aritu dira: zortzi emakume eta bi gizonezko. Oier Sarasua eta Aitor Zilardegi irakasleen gidaritzapean, perkusiozko euskal musika tresna jotzen ikasten aritu dira, eta tartean izan da Dorleta Elkorobarrutia, Leintz Gatzagako alkatea: "Parte-hartzaile guztiak txalaparta ikasteko gogoz aritu gara, eta gustura egon gara ikasten".
Oreka eta desoreka uztartuz
Hastapeneko ikastaroan, perkusiozko instrumentua jotzen ikasten aritu diren ikasle batzuek ttakun-aren figura hartu dute; beste batzuek, aldiz, herrena-ren figura. Lehenengoak oreka edo ordena ezartzen du; bigarrenak desoreka dakar. Hala, orekaren eta desorekaren arteko balantza horretan, urratsa egin dute, laster herrian saioren bat eskaintzeko bidean.