"Araba aldean zikloturistek Debozio handia diote Dorletako Amari, bereziki Gasteizko talde asko etorri dira eta oso pozik geratu gara, salda banatzen ibili gara eta egiten zuen giroaz zikloturistek eskertu dute detailea. Harritu ere egin gara, Gasteiz aldean ez dugulako batere publizitaterik egiten, baina berdin dio, talde askoren egutegian lehenengo irteera Dorletako Amarengana izaten da, eta halaxe etorri dira asko eta asko. Gu oso pozik geratu gara goizak eman duenarekin", adierazi dio GOIENAri Joxerra Agirreurreta gatzagarrak.
10:00etan hasi dira prestaketa lanekin, eta Agirreurretak berak aitortu du ordu horretan elurra zela Arlabango gainean. Salda prestatu dute zikloturistendako, eta goizak aurrera egin ahala taldeak poliki-poliki joan dira bertaratzen, nahiz eta giroak ez zuen batere laguntzen. Hotz egiten zuen, eta giro bustia izan dute. Horrek, baina, ez ditu zikloturistak kikildu. Eta, loreak eramatera autoz joan direnak egon badira ere, gehienek bizikleta gainean bete dute urteroko errituala.