Jaiak hasteko, 12:00etarako egin dute lehenengo hitzordua. Hala, San Migel plazan batuko dira eta herri kirol lehiaketa egingo dute. Gatzagarrak izango dira parte hartuko dutenak, eta, prestatutakoaren artean, askotariko probak gainditu beharko dituzte parte-hartzaileek. Jokoak girotzeko eta gosea egiteko sagardo-kupela jarriko dutela jakinarazi du Leintz Gatzagako Udalak.
Pintxo lehiaketa eta baba-jana
Horrekin batera, pintxo lehiaketa ere egingo dute, eta parte hartu nahi duten herritarrek pintxoak eraman beharko dituzte plazara 12:00etarako. 13:30ean, berriz, Ixi Salaberrik eta Ina Esnalek osatutako epaimahaiak erabakiko du irabazlea. Gurel Guraso Elkarteko kideek herritarrak animatu nahi dituzte pintxoak egin eta lehiaketan parte hartzera. Hala, zenbait pintxo egoten badira, lehia ere handiagoa izateko asmoz. Herri bazkaria, berriz, 14:30ean izango da, eta pintxo lehiaketan epaimahai gisa arituko den Ina Esnal gatzagarra izango da baba-jana prestatuko duen sukaldaria.
Musikarekin amaitu
Eguna amaitzeko, eta bazkaria arintzeko, 17:00etan, musikarekin animatutako arratsalde-pasa egingo dute. Hasiera batean asmoa musika plazan jartzea da, baina, eguraldi iragarpena ez denez oso ona, frontoian edo elkartean jarriko dute.