Dorletako amabirjinaren babesa jaso du Mikel Landak

Hasier Larrea 2023ko aza. 15a, 12:49

Mikel Landa, Zuia klubeko lagunekin, Dorletako santutegian.

Joan den ostiralean Murgiako txirrindulariaren ezusteko bisita jaso zuten Dorletako Ama Txirrindulari Elkarteko kideek, urte bukaerako afaria egiteko batu zirenean. Santutegira joateko aprobetxatu zuten eta Bahrain taldeko kamiseta eskaini zion Landak txirrindularien patroiari, haren bedeinkapenaren truke.

Dorletako santutegiak beste txirrindulari entzutetsu baten maillota gordetzen du joan den ostiraletik, Mikel Landa Meanarena. Amateur mailako Zuia Txirrindulari Elkarteko bi lagunekin azaldu zen murgiarra Gatzagan, Dorletako Ama klubekoak urte bukaerako afaria egiteko elkartu ziren egun berean: "Sorpresa izan zen guretzat, ez genuen espero; arratsalde osoa igaro zuen gurekin eta afaltzera gelditzeko gonbidapena ere luzatu genion", azaldu du Joxerra Agirreurretak, Dorletako Amako kideak.

Afaltzera ez zen geratu, baina Gatz Museoa eta Dorleta santutegia bisitatzeko nahikoa asti izan zuen: "Sarri ikusi izan dugu hemen inguruan entrenatzen, eta ezagutzen zuen herria, baina ez santutegia; Dorletako Ama txirrindularien patroia dela jakin zuen eta Bahrain taldeko elastikoa utzi zuen opari, usadioari jarraituz. Berak hemengo gatza eraman zuen etxera".

Berriketarako eta barre egiteko tartea ere izan zuten: "Haren maillota beste ziklistenekin konparatzen ibili ginen, neurrien arteko desberdintasunak ageriko egiten".

Mikel Landak Bahrain taldean lehiatu du aurten, baina Soudal Quick-Step taldeagatik fitxatu du berriki.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak