Arrasatetik Gatzagara lasterka, sanmilixan egunez

Mirari Altube Arrese 2023ko aza. 13a, 07:59

Arrasateko, Aretxabaletako eta Eskoriatzako hainbat lagun elkartu eta Leintz Gatzagara lasterka joan ziren atzo, azaroak 12; Eskoriatzan, gainera, Leintz Gatzagako alkate Dorleta Elkorobarrutia batu zitzaien. Zortzigarren urtez egin zuten ekimen hori sanmilixan egunez, lehiaketa albora utzi eta lagun artean lasterka eginez, udazken giroaz gozatzeko asmoarekin.

Arrasateko Arotz plazatik 10:30ean irten zuten sei lagunek, eta Aretxabaleta zeharkatu ondoren, Eskoriatzara iritsitakoan, beste hiruk egin zuten bat taldearekin. Kuatruena ingurura ailegatutakoan Gatz Bideari heldu zioten eta udazken goiz ederrarekin gozatu zuten ibilbidean aurrera egin ahala. Gorosarri landetxean hamaiketakoa eskaini zieten ohi legez, eta indarrak berreskuratuta aurrera egin zuten.

Uste baino lehen iritsi ziren Gatzagara, 12:30ak pasatxoan, 14,5 kilometroko ibilbidea osatuta. Dorletako baselizatik pasatuta, herrira jo zuten, eta han San Milixan eguneko giroan murgildu ziren. Eguna borobildu zuten Maulanda jatetxean bazkalduta.

Taldeko kideak pozik agertu dira egunak emandakoarekin eta urtero taldetxo bat elkartu izanarekin. Era berean, gogorarazi dute edonorentzat dituztela ateak zabalik: "Lagunartean, lasterka eginez, egun polita pasa gura duen edonorentzat". Hala, Eugenio Otsoak eta Mariatxen Arantzabalek sustatutako ekimenak ez du etenik izango.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak