Eguzki goxotan egin dituzte San Milixan eguneko ospakizunak, Leintz Gatzagan

Larraitz Zeberio Lekuona 2023ko aza. 12a, 15:52

Azokako postuak ikusteko eta antolatuta zeuden bisita gidatuez gozatzeko zegoen udazken giro epela eskertu dute bisitariek, besteak beste. Frontoi barruan zein kanpoko aldean kokatutako postuetan askotariko produktuak egon dira ikusgai, eta ez dira falta izan Sorginak Emakume Taldeak urtero eskaintzen dituen taloak.

Atzo 2024ko egutegirako argazkiak ateratzeko elkartu ziren herritarrak eta gaur San Milixan eguneko azoka izan dute herrian. Jendea kopuru polita zegoen eguerdi aldera; asko eta asko oinez gerturatu dira goiz-eguerdi partean egin duen eguraldi goxoa aprobetxatuz. Esan behar da Gatz Bidea Takarraran taldekoek ere egin dutela hitzordua. Arrasate eta Gatzaga arteko ibilbidea egin dute, azken urteetan moduan.

Leintz Gatzagan hamalau bat posturekin osatutako azoka aurkitu dute bertaratu direnek. Frontoi barruan egon dira kokatuta, besteak beste, poltsak, arropak, bitxiak, egurrezko jostailuak, motxilak, ilustrazioak, eta xaboiak eskaintzen zituzten artisauak. Horiekin batera, Sorginak Emakume Taldeko kideak taloak egin eta egin aritu dira. Aurten, 30 kilo arto irin, hamar kilo txistorra eta hamar kilo hirugihar eraman dituzte azokara talo goxoak prestatzeko. Ilara izan dute eguerdiko ordurik jendetsuenetan.

Frontoi kanpoan, berriz, lau postu izan dira; eztia, piper erreak, gozoak eta arropa. Horrekin batera, kalabaza baten pisua asmatzeko erronka proposatzen zuena. 

Salmenta postu horiez guztiez gain, frontoi barruan tailerra ere izan da Ion Dufurrenaren eskutik. Sei urtetik gorakoendako, egurrarekin tailerra izan da. Egurrean pirografiatzen ikasi du hainbatek.

Artisau azokako postuez gain, herrigunea hobeto ezagutzeko bisita gidatuak ere izan dira. Gatzagaren sorrera, erreketa, hiribilduaren eraikuntza eta herriko eraikin esanguratsuenak ezagutzeko aukera izan dute hainbat lagunek.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak