Gatzagarrak sokatiran, 2024ko egutegia argazkiz janzteko

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko aza. 12a, 11:14

Leintz Gatzagako Udalak "ahalik eta herritar gehien" batu gura izan ditu herriko pilotalekuan, 2024ko egutegirako argazkiak ateratzeko, eta "sekulako erantzuna" izan du deialdiak, Dorleta Elkorobarrutia alkatearen esanetan.

Leintz Gatzagako Udalak urtero banatzen du egutegia baserriz baserri eta etxez etxe, Gabonetan, eta orain arte baserrien argazkiak, paisaienak, leku enblematikoenak edota argazki zaharrak erakutsi izan dituzte. Aurten, ordea, protagonistak herritarrak izan daitezen erabaki dute. "Herriak herritarrok egiten dugu eta, aurten, herritarrez betetako egutegia osatuko dugu", azaldu du Dorleta Elkorobarrutia alkateak.

Modu horretan, "ahalik eta herritar gehien" batu gura izan dituzte udal pilotalekuan, eta deialdiak "sekulako erantzuna" izan duela nabarmendu du alkateak. "Herritarron portzentaje oso altu bat batu gara frontoian. Pozik gaude eta eskertzekoa da. Gatzagak badu hori, edozer gauza eskatuta ere, herri giroan eginda, beti dela erantzun ona".

Gatzagan bizi den Juan Luis Zabala arrasatearra aritu da argazkilari lanetan eta Udalak haren esku utzi ditu argazkien nondik norakoak. Hala, alde batean, herriko lau nagusienak eta lau gazteenak joango dira eta, bestean, gainontzeko herritarrak. "Sokatiran aritu gara frontoian. Hori bada euskaldunon izaeraren nolabaiteko erakusle", dio alkateak.

Aurtengoak izan duen arrakasta ikusita, datorren urtera begira errepikatzeko moduan izango direla uste du Elkorobarrutiak. "Askotariko aukerak daude eta zerbait pentsatuko dugu. Esan moduan, herritarrok gara herriaren ordezkari eta hori islatzea garrantzitsua da".

Erlazionatuak

Gatzagarren sokatira, argazkitan

Eneko Azurmendi Barrena 2023 aza 12 Leintz Gatzaga

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak