Artisau azokako postuez gain, herriguneko bisitak domekan

Imanol Beloki Unamuno 2023ko azaroaren 10a

Iaz, San Milixan azokan, piper erreen postua.

Hamalau postu izango dira domekan, Leintz Gatzagan ospatuko duten San Milixan artisau azokan. Egurrezko tailerra egingo da, bisita gidatuak izango dira, eta Sorginak Emakume Taldeko kideek taloak prestatuko dituzte, besteak beste.

Frontoi barruan: poltsak, arropak, bitxiak, egurrezko jostailuak, motxilak, ilustrazioak, xaboiak... eskuragarri. Sorginak Emakume Taldeko kideak ere bertan izango dira, eta, oraingoan, 30 kilo arto irin, hamar kilo txistorra eta hamar kilo hirugihar eramango dituzte talo goxoak prestatzeko. Frontoi kanpoan, berriz, bi postu izango dira; batean, eztia izango da; eta, bestean, azken urteotan moduan, piper erreak.

Egurrean pirografiatuz

Salmenta postu horiez guztiez gain, tailerra ere izango da Ion Dufurrenaren eskutik. Sei urtetik gorakoentzat, egurrarekin tailerra izango da. Honela azaldu du Aiora Elkorobarrutiak, Leintz Gatzagako Kultura zinegotziak: "Tailer herrikoia izango da; lehenengo, egur zati bat hartu eta lixatuko dute, eta, gero, norberak bere izena edo testu labur bat idatzi. Ez da izenik eman behar".

Berrikuntza gisa, bisitak

Artisau azokako postuez gain, herriguneko bisita gidatuak izango dira. Hiru bisita izango dira, guztira: 12:30ean, euskaraz; 13:00etan gazteleraz; eta 13:30ean, haurrentzat soilik izango dena. "San Milixan egunean zenbait postal jarriko ditugu bisita gidatuen informazioarekin, hala jendea animatzeko…", adierazi du Elkorobarrutiak.

Bertara joateko Gatz Bidea Takarraran taldekoek ere egin dute hitzordua egunerako. Arrasate eta Gatzaga arteko ibilbidea egingo dute, azken urteotan moduan. Hala ere, autobus zerbitzu berezia ere egongo dela adierazi dute Udaletik.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak