Aurpegiak margotu eta eskean atera dira, beldurra ematera

Imanol Beloki Unamuno 2023ko urr. 31a, 13:18

Gaztetxoak mozorrotuta, talde argazkian. Argazkia: Gatzagako Gurel Guraso Elkartea

Leintz Gatzagako Gurel Guraso Elkarteko kideek antolatuta, zenbait haur batu ziren joan den egubakoitzean, gurasoek lagunduta, Gaba Baltza ospatzeko. 19:00etan egin zuten hitzordua, eta lehenbizi aurpegiak margotu zituzten era beldurgarrian, eta, gero, mozorroak jantzita, eskean aritu ziren herrian zehar. Amaitzeko, afari-merienda egin zuten batutakoek.

"Ahalik eta haur gehien batzea zen gure asmoa, eta horregatik ospatu genuen Gaba Baltza joan den egubakoitzean. Izan ere, martitzenean, zenbait haurrek huts egingo zutela adierazi ziguten, eta denok ez ginenez egongo, hala egitea erabaki genuen. Aurpegiak margotu eta kalean beldurra ematen aritu ziren gaztetxoak. Ederto pasa zuten. Gero, egunean batutako haurrei talde argazkia atera genien Gatzagako iturrian, eta, amaitzeko, afari-merienda egin genuen", adierazi du Ainhoa Barandiaranek, Leintz Gatzagako Gurel Guraso Elkarteko kideak.

Egutegiko erretratuetarako deia

Azaroaren 11n, gatzagarrak batu nahi ditu Udalak 2024ko egutegiko erretratuak ateratzeko. Urtero etxez etxe banatzen dute egutegia, eta, aurten, ahalik eta herritar gehien batuta, talde argazkia ateratzea da asmoa, lehenengo argazkirako. Bestetik, herriko lau gazteenak eta lau nagusienak batzea eta horiei ere erretratua ateratzea da asmoa, hala, bigarren argazkia ateratzeko. Bi horiekin osatuko dute 2024ko Gatzagako egutegia. Deialdia azaroaren 11rako egin dute; 17:00etan, plazan. Ondoren, 19:00etan, pintxo-potea egingo dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak