Urriko zubirako proposamena: Gatz Museoaren bisita, familian

Imanol Beloki Unamuno 2023ko urr. 11a, 09:38

Aitor Larrañaga bisita gidatu batean azalpenak ematen.

Debagoieneko Mankomunitatearen Turismo Sailak proposamen ederra antolatu du urriaren 12tik 15era bitarteko egunetarako. Izan ere, Bizi natura familian Debagoienean izenburua duen aisialdi programaren barruan, Leintz Gatzagari ere tokia egin diote, eta proposamenen artean dago Leintz Gatzagako Gatz Museoaren bisita gidatua familian egitearen aukera.

Bihar, eguena, Gatz Museoa familian bisita gidatua izango da. 12:00etan, euskarazko saioa izango da, eta, 13:00etan, berriz, gaztelerazkoa. "Bisita gidatu bakoitzeko pertsona kopuru muga 20 lagunekoa da, eta oraindik lekua dago izena emateko. Azpimarratu beharra dago haurrak helduekin lagunduta joan behar direla", adierazi dute Debagoieneko Mankomunitateko Turismo Saileko teknikariek.

Gatzagako gatzaren historia

Ordubete irauten duten azalpenek duela milioika urte sortutako gatz-iturburuaren sorrera dute abiapuntu. Handik sortu zen, Burdin Aroan, gatza ateratzeko jarduera ekonomikoa, 1972ra arte iraun zuena. Museoan antzinako prozedura horren berri emango dute, Santa Kolunba ermita, gatz fabrika, lixiba fabrika eta XVIII. mendeko dorlak erakutsita.

Izena emateko bideak

Izena ematea beharrezkoa da. Hori horrela, infoturismo@debagoiena.eus helbidera idatzi edo 943 79 64 63 telefono zenbakira deitu beharko da. Horrekin batera, informazio gehiago nahi duenak edo bailako gainontzeko proposamenen berri jaso nahi duenak Turismodebagoiena.eus webgunean ikus ditzake urriko zubirako plan ezberdinak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak