Euskarazko antzerkia balioan jartzeko taldea osatuta

Imanol Beloki Unamuno 2023ko urr. 6a, 08:58

Gatzagan, 'Zirkun zirko' ikuskizuna izan zenekoa.

Debagoieneko Antzerki Plataformako kideek bailarako herrietan formakuntzak eman nahi dituzte, euskarazko antzerkia eta arte eszenikoak eragin, indartu eta saretzeko proiektu kulturala eskaintzeko, eta Leintz Gatzagako udal ordezkariek ateak ireki dizkiete bertako gaztetxoek antzerkiaren diziplina gertutik ezagut dezaten. Hala, urriaren 13an izango dute formakuntza saio irekia gatzagarrek, liburutegian; bertan, izena eman ahal izango dute interesdunek, eta dituzten zalantzak argitu.

Eider Sanz izango da tailerra eskainiko duena eta gogoz dago ikasturteari hasiera emateko: "Gatzagako haurrak animatu dira egitasmora, eta jolasen bitartez landuko dugu antzerkia. Errealitate ezberdinak bizitzeko aukera ematen digu antzerkiak, eta sentimenduak ateratzeko aukera ematen du horrek. Nire ustez, hegan egiteko aukera bat da, baina baita lurrera ekartzen gaituena ere. Beraz, asko ikasteko, jolasteko eta gozatzeko batuko gara. Antzerkiak berak gure ahalmenak potentzializatzen dituela uste dut, eta bertaratzen direnen gustuko saioak eskaini nahi ditugu". Euskarazko antzerki ikastaroa urritik ekainera artekoa izango da, eta Leintz Gatzagako antzerki taldea osatuko duten gaztetxoak, egubakoitzetan, 17:30etik 18:45era bitartean batuko dira.

Eider Sanz Debagoieneko Antzerki Plataformako kideak eskainiko ditu saioak, urriaren 13an hasita

'Gorpuztu Gatza'

DAPen helburua bailarako arte eszenikoei tokia egitea izanda, ikasturte osoko formakuntza saioez gain, urriaren 22an, Gatzaren Egunean Gorpuztu Gatza izeneko performancea ere izango da DAP-ekoen eskutik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak