Txirrindularitzaz betetako asteburua Dorletako Ama sariak borobilduko du domeka goizean. Lehendakari txapelketako laugarren proba puntuagarria izango da, eta ziklistak –178, guztira– bezperan Villatuertan lehiatuko dira. Hala, ikusteko dago nork kudeatuko duen nekea ondo, Leintz Gatzagara egin beharko dituzten hiru igoerak hanketan pilatuko zaizkie eta.
Irteera-puntuan izango dira joan den astean Antzuolan nabarmendu ziren ziklistetako asko; tartean, lasterketa irabazi zuen Laboral Kutxako Nicolas Alustiza. Aimar Madina (Caja Rural Alea) eta Unai Cueva (Grupo Eulen) oñatiarrak ere lasterketan izango dira, baina izen-emate zerrendan ez dator, esaterako, Murgian irabazi zuen Julen Arriolabengoa eskoriatzarra. Ibilbideari dagokionez, Leintz Gatzaga eta Arrasateko Epeleko biribilgunearen artean hiru joan-etorri egingo dituzte.