Leintz Gatzagako Udalak eta UDA bola taldeko kideek antolatuta, zapatuan, hilak 8, keinu berezia egingo diote herrian eta Leintz bailaran arrasto handia utzi zuen Eugenio Otsoari. Haren omenezko hiru txirlo bola txapelketa 18:00etan hasiko da, baina, Juanito Bengoa antolatzaileak adierazi duenez, goizetik egongo da bolalekua zabalik, bertaratu, lagun artean elkartu eta torneoa hasi aurretik jaurtiketa batzuk egin gura dituztenendako. Dagoeneko aurreratu du giro polita espero dutela: "Eugenio ezaguna zen inguruan, eta jende askok esan digu etorriko dela bolatokira".
Ekitaldiaren nondik norakoei buruz galdetuta, Otsoak berak egindako eskaria izan zela nabarmendu du: "Zenbait konturen artean, haren urtebetetzearen bueltan –uztailak 14– bola txapelketa bat antolatzea eskatu zigun, eta, okerrik ezean, urtero egingo dugu". Bengoak aipatu duenez, badute antzeko ekitaldi gehiago antolatzeko asmoa: "Eta bola txapelketa izango da lehena, egiteko erraza iruditu zaigulako".
Plaka eta guzti
18:00etan, torneoari hasiera eman aurretik, bolatokiari Eugenio Otsoa izena jarriko diote modu ofizialean, haren omenezko plaka bat eskegita eta "aurkezpen polit bat" eginda. Ondoren izango da bola-jokalarien txanda. Edonork parte hartu dezakeela aipatu du Bengoak; are gehiago, Gatzagako bolatokia "suabea" dela aintzat hartuta: "Ez dago indarrez jaurti beharrik, eta bizpahiru jaurtiketatan hasiberri batek ere bota ditzake hiru txirloak". Lehen lau sailkatuek, gainera, sariak jasoko dituzte.