Gatzagako etxeetan urtebetez egon diren irak berriekin ordezkatuko dituzte bihar, ekainak 23, eta zaharrak sutara bota. Horrela agintzen baitu espiritu txarrak uxatzeko asmoz egiten den usadioak. Boluntario batzuek goizeko hamaiketarako banatuko dituzte atariz atari basoan batutako iratze-sortak, eta gura duenak horiek batu, etxean ipini eta sorta zaharrak sutan erreko ditu. Une hori 22:30etik aurrera iritsiko da, orduan piztuko baitute San Migel plazako San Juan sua.
Arratsalde ludikoa
Horixe izango da eguna borobiltzeko ekitaldia, musikak lagundutakoa. Aurrez, 17:00etan hasita, herriko neska-mutilek ezkutuan dagoen altxorra topatu beharko dute; Gurel guraso elkarteko kideek herrian zehar ondo gordetako altxorra, alegia. Erretiratuek, bestalde, laugarren bola-joko txapelketa herrikoia antolatu dute bolatokian 18:00etarako. Iluntze aldera, 21:00etan, txistorraz eta hirugiharraz osatutako otorduarekin beteko dute tripa plazara bertaratzen diren gatzagarrek.