Alderdiak baino gehiago, pertsonak hautatuko dituzte

Hasier Larrea 2023ko mai. 26a, 17:02

2019ko azaroko udal hauteskundeetan, herritar bat bozkatzen.

Gatzagan ez dute talde politikorik bozkatuko, hautagai moduan doazen kideak baizik; eta, gehienez, lau.

Hauteskunde Legeak dio herri batean 18 urtetik gorako 230 biztanle edo gutxiago baldin badaude erroldatuta, boto-emaileek norbanakoak hautatu behar dituztela, eta ez talde politikoak. Zerrenda aurkeztu duen talde bakarra Leintz Gatzagako Hautesle Elkartea izan da, bost pertsonaren hautagaitzarekin: Dorleta Elkorobarrutia –hura da alkategaia–, Eneka Zankada –2015etik 2018ra alkate izandakoa–, Aiora Elkorobarrutia, Juan Bengoa –2018tik 2019ra alkate izandakoa– eta Idoia Armendariz. Izen horien artean gutxienez bat eta gehienez lau aukeratu ditzakete gatzagarrek, 1etik 4rako ordenan.

Edonola ere, boskoteak helduko die Leintz Gatzagako udalbatzako eginkizunei. Elkorobarrutiak azaldu duenez, herriari eragiten dien kontu desberdinei erantzuteko taldea osatzearen aldeko apustua egin dute: "Ordezkari gazteena kultura gaiez arduratuko da, gazteei begirako egitarauak antolatzeko; badugu baita ere landa eremua ondo ezagutzen duen pertsona, hiri-antolamenduaren jakintza duen beste bat... Nik, adibidez, ekonomia arloan egiten dut lan, baina alkategai izateko eskatu zidaten, herritarren artean ezaguna naizelako".

165 boto, gehienez

Gatzagarrek 09:00etatik 20:00etara izango dute bozkatzeko aukera haur eskolan. Udalak emandako datuen arabera, herrian erroldatutako 165 lagunek dute botoa emateko eskubidea. 2019ko udal hauteskundeetan, berriz, gehiago ziren: 187, guztira. Kopuru horren %69,5ek bozkatu zuen, eta %30,5ek abstentzioaren alde egin zuen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak