Udal hauteskundeetara zerrenda bakarra aurkeztu da, Hautesleen Elkartea, eta guztira 98 boto eskuratu dituzte. Parte-hartzea, %69,70koa izan da; boto zuriak 10 izan dira, eta baliogabekoak bost.
Horrela, Dorleta Elkorobarrutia izango da Leintz Gatzagako alkatea hurrengo agintaldian. Elkorobarrutiarekin batera, Idoia Armendarizek, Aiora Elkorobarrutiak, Eneka Zankadak eta Juan Bengoak osatuko dute Udal gobernua.
Aurreko udal hauteskundeak 2019ko azaroaren 28an izan ziren Leintz Gatzagan, maiatzean ez zelako zerrendarik aurkeztu. 2019an, Hautesle Elkarteak 122 boto eskuratu zituen eta parte-hartzea %65,24koa izan zen.
Batzar Nagusiak vs Udal hauteskundeak
Bi hauteskundetarako botoa eman dute gatzagarrek gaurkoan, eta ondorengo taulan bien arteko konparaketa jasotzen da.
Izan ere, Batzar Nagusietarako EH Bilduk jaso ditu boto gehien (57), EAJren aurretik (35). Elkarrekin Podemosek eta PSEk bina boto jaso dituzte, eta STOP-ek boto bakarra. 9 boto zuri egon dira eta baliogabeko boto bakarra. Abstentzioa, %35,15ekoa izan da.