Domusa Teknik taldeko mendi lasterkariak Oñatiko proba ostean garaipena ondo ospatuta eta atseden ondo hartuta, helburu berriak ezarri ditu aurrera begira. "Orain, maiatzaren 14an hasiko naiz Munduko Kopako probekin, eta lehenengoa Frantziako Alpeetan izango da, Saint Honore herrian; Skyrace des Matheysins deitzen den lasterketa batean arituko naiz [2021ean, hamabigarren postuan sailkatu zen]. Frantziako lasterketak 25 kilometro ditu eta desnibela 2.000 metro positibokoa izango da. Egunotan, proba hori prestatzen ari naiz. Gero, horren ostean, Hochkonig Skyrace lasterketa egingo dut; hura Austrian izango da, ekainaren 3an, eta, lasterketari dagokionez, 32 kilometroko proba gogorra da, 2.720 metroko desnibel positiboarekin". Austriako probari dagokionez, ez da haren lehenengo aldia izango; izan ere, iaz, 4 ordu eta 56 minutuan amaitu zuen lasterketa eta sailkapenean 41. postua lortu zuen.
Gehiago egiteko asmoz
Bi lasterketa horiez gain beste batzuk ere egingo dituela adierazi du Ajuriak, baina haiek zehaztu gabe; hasiera batean, Frantziakoan eta Austriakoan dagoela zentratuta adierazi du Aitor Ajuriak, Leintz Gatzagako korrikalariak.