Ekoturismoarekin konpromiso irmoa du Gorosarri landetxeak

Imanol Beloki Unamuno 2023ko ots. 3a, 17:52

Azpian eskuinetik ezkerrera bosgarrena da Alex Perez. Argazkia: Basquetour

Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak sustatuta eta Basquetour erakundeak antolatuta, Euskadiko Ekoturismoaren VI. Foroa izan zen, Ekoaktibatzen izenpean, urtarrilaren 26an Gasteizen, Europa Biltzar Jauregian. Saioan zenbait hizlarik hartu zuten parte eta, bide batez, ziurtagiriak banatu zizkieten Espainiako ekoturismo klubaren kide diren enpresei. Horien artean izan zen ziurtagiria jasotzen Alex Perez, Nekaturko Gorosarri landetxeko arduraduna.

"Debagoienean gure enpresa izan da bakarra aitortza hau jasotzen. Hala ere, ez da berria guretzat; izan ere, duela lauzpabost urte Europako Ekolabel ziurtagiria ere jaso genuen, balio handiagoa duena, baina, dena den, oso pozik gaude. Turismo jasangarria egin nahi duen ororentzat aukera ematen dugula adierazten du ziurtagiri honek; beraz, horiei eta beste turista guztiei ateak irekitzen dizkiegu", dio Perezek.

Ekoturismoak turismo arduratsua sustatzen du, naturarekin, ingurumenarekiko errespetuarekin eta tokiko ekonomiaren garapenarekin lotuta eta konprometitua dagoena. Hori horrela, Eskoriatza eta Gatzaga artean dagoen Gorosarri landetxeak aitortza jaso zuen, gainontzeko sarituekin batera. Aitorpen hori lortzeko, enpresek sarbide-baldintzak betetzen dituztela frogatu duten prozesu bat gainditu behar izan dute, hala nola helmuga eta eremu babestu batekin duten lotura eta ingurumen-izaerako eta turismo-jarduera garatzen duten helmuga eta eremu babestuarekiko gizarte-konpromisoko nahitaezko baldintza batzuk.

Ekoturismoa hizpide

Euskal Autonomia Erkidegoko ekoturismoaren etorkizunari buruzko esperientziak eta iritziak partekatzeko gune dinamiko eta parte-hartzailea sortzeko helburuarekin, saioa irekitzen Javier Hurtado –Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburua–, Cristina Gonzalez –Arabako Foru Aldundiko Enplegu Merkataritza eta Turismo Saileko diputatua– eta Gasteizko alkateordea eta Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren Merkataritzaren eta Turismoaren Saileko zinegotzia izan ziren, eta ondoren, multzoka banatutako ekitaldia hasi zuten. Sariak banatzeaz batera, ekoturismoko adituek, erakundeek, elkarteek eta enpresek, besteak beste, gaur egungo egoera aztertu zuten eta datozen urteetara begira EAEn ekoturismoa bultzatzeko funtsezko proiektua izan zuten hizpide: estrategia turistikoa, erronka berriak…

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak