Informazioa jasotzeko eta bisita gidatuetarako aukera gehiago

Imanol Beloki Unamuno 2023ko urt. 20a, 09:33

Gatz Museoko Turismo Bulegoa eta gatz ekoizpeneko eraikina, asteon. Argazlkia: J.L. Zabala

Leintz Gatzagako Gatz Museoko Turismo Bulegoko ordutegian aldaketak ezarri dituzte. Orain, eguaztenetan ere zabalik izango dituzte Gatz Museoko informazio-guneko ateak.

Hori horrela, eguaztenetan, eguenetan eta egubakoitzetan 09:00etatik 14:00ak arte izango da orain aukera bertara deitzeko, edo eraikinera – Santa Columba ermita zena– joateko informazioa eskatzera, zalantzak argitzera, bisita gidatu batean parte hartzeko eskaera egitera edo Gatzagako gatza erostera, besteak beste. Horrekin batera, asteburuetan, zapatuan zein domekan, 11:30etik 13:30era izango da zerbitzu bera, orain arte moduan. Bisita gidatuei dagokienez, berriz, zapatu, domeka eta jaiegunetan 12:00etan euskarazko saioak eskainiko dituzte eta 13:00etan, berriz, gaztelerazkoak.

Jendea animatzeko mezua

"Gure ordutegia luzatu egin dugu, eta orain, asteazkenetan ere zabalduko ditugu ateak. Animatu zaitez plan ezberdin bat egitera. Historiaz betetako herria eta Gipuzkoako gatzaga bakarra ezagutzeko aukera izango duzu!". Mezu hori zabaldu du sare sozialetan Leintz Gatzagako Gatz Museoak, egin dituen aldaketen berri emateko.

Hitzordua eskatzeko

Hamar pertsonatik gorako taldeen kasuan, ordutegitik kanpo bisita gidatuak egiteko –eguaztenetik domekara– eta bisita beste hizkuntza batean egiteko –katalanez edo ingelesez– aldez aurretik hartu beharko da hitzordua Gatz Museoan. Harremanetarako: 943 71 47 92 telefono zenbakira deitu daiteke, edo reservas@gatzmuseoa.com helbide elektronikora idatzi.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak