Gaztainondo-enbor huts bat euskarazko mezuz beteko dute

Imanol Beloki Unamuno 2022ko aza. 25a, 09:33
Gatz Bidean dagoen enbor hutsa, mezuarekin.

Domeka honetan, eguerdian, Gatz Museo inguruan egingo duten ekitaldian, hitzez ekiteko garaia dela adieraziko dute Leintz Gatzagako Euskaraldia batzordeko kideek.

Leintz Gatzagako Euskaraldia Batzordeak ez zuen egin irekiera jairik Euskaraldiaren hirugarren edizioari hasiera emateko. Hala ere, batzordeko kideak elkartu eta ariketa sozialak irauten duen bitartean zenbait ekintza egitea aurreikusten du.

Leintz Gatzagako erregistroari erreparatuz, 89 pertsona ari dira parte hartzen Euskaraldian; momentuz, 65 ahobizi eta 24 belarriprest. Horrekin batera, euskaraz aritzeko aukera une oro bermatzen duten zazpi arigune daude herrian. "Egunotan Euskaraldiaren giroan sartzea dugu helburu herrian. Hori horrela, azaroaren 6an, Gatz Bidetik etorritako aretxabaletarrei eta eskoriatzarrei ongietorria egin ondoren, argazki bateratua atera genuen eta Hustu ganbara bigarren eskuko azokarekin borobildu eguna. Orain, Euskaraldia martxan dela, gaztainondo-enborra Euskaraldiaren lekuko izendatuko dugu", adierazi dute Leintz Gatzagako Euskaraldia Batzordeko kideek.

Euskarazko mezua enborrean

Domeka honetan, azaroaren 27an, eguerdian, enbor eder bat ipiniko dute gatzagarrek Gatz Bidearen hasieran, Gatz Museo inguruan. "Ihartutakoa eta barrua hutsik duena izan arren, gaztainondo-enbor zaharrak bizi-bizi gogoraraziko dio hitzez ekiteko garaia dela Gatz Bidea egiten duen pertsona orori. Izan ere, anporrari mezu bat gehituko diogu euskararen gainean. Horretarako, herritarrek Labidea herriko denda-tabernako arbelean proposatutako esaldien artean idatzitakoen artean bat aukeratuko dugu", adierazi dute Euskaraldia Batzordeko kideek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak